Barrika Piragua Taldeko arraunlariek dominak eskuratzen jarraitzen dute, eta asteburu honetan jokatu den txapelketetan ere beraien arrastoa utzi dute podiumetan. Higinio Riverok bere palmaresa zabaltzen jarraitzen du Tokioko Joko Paralinpikoetan begiak jarrita dituela; hala, asteburuan, Poloniako Poznanen lehiatu den Europako Txapelketan bigarren postua eskuratu du.
Parakanoako arraunlariak irailean egingo diren olinpiadetarako txartela bermatuta zuen arren, beste domina bat eskuratu zuen joan den maiatzaren 14an, Szegeden (Hungarian) Munduko Kopa batean bere lehen domina eskuratu ondoren.
Beragaz batera, Irene Gana 20 urteko promesa gazteak bigarren postua eskuratu du, asteburu honetan ere, Pontevedran egin den Espainiako Maratoi Txapelketan. Horri esker, palista gaztea Errusian lehiatuko da Europako Txapelketan.
Ganak Villajoyosan eskuratu zuen Europako Surfski Lehiaketan eta Munduko Txapelketetan parte hartzeko pasea, 23 urtez azpikoen kategorian urrea lortu ostean.
Talde barrikoztarra denboraldi ezin hobea ari da egiten aurten, txapelketa guztietan domina ugari lortuta; horretaz gain, apirilean, Plentzian ospatu zen lehiaketan talderik onenaren izendapena eskuratu zuen, nahiz eta, pandemiaren ondorioz, urte oso bat txapelketetan parte hartu gabe egon.