Elkarrizketak

"Golf erreferentea izatea gustatuko litzaidake, Txema Olazabal izan zen moduan"

Ander Egiluz Beramendi 2015ko api. 14a, 12:35

Munduko Amateur Txapelketa irabazi du eta, orain aste batzuk, bosgarren geratu zen PGA-ko (Golf Jokalari Profesionalen Elkartea) txapelketa batean. Mundu mailan, ez du amateur batek horrelakorik lortu 2008. urtetik.

Jon Rahm (Barrika, 1994) golf-jokalari legez izaten ari den abantzua Ikusgarria da. Ander Deuna Ikastolan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaituta, Madrilera joan zen, kirolarien artean izen handia duen Ortega y Gasset institutuan batxilergoa estudiatzeko, golf entrenamendu profesionala egiten zuen bitartean. Barrikatik Madrilera eta Madriletik Arizonara.

Drive ederra jo zuen Rahmek Goi Mailako ikasketekin hasteko, Ameriketako Estatu Batuetako mendebalderantz abiatu baitzen. Komunikazio ikasketak egiteaz gain, kirolari bezala hazi ahal izateko eman zuen izena Arizona State University-n, orain urte bi ia. Ordutik, Munduko Amateur Txapelketa irabazi du eta, orain aste batzuk, bosgarren geratu zen PGA-ko (Golf Jokalari Profesionalen Elkartea) txapelketa batean. Mundu mailan, ez du amateur batek horrelakorik lortu 2008. urtetik.

Estatu Batuetako unibertsitateetan oso ohikoa da kirolariei bekak ematea. Horregatik erabaki zenuen Arizonara joatea?

Bai, beka eskaini zidatelako etorri nintzen hona. Oso ondo zaintzen dituzte kirolariak AEBetan eta, golfari dagokionez, dudarik ez dago, etorkizuna hemen dago. Askoz ere garatuago dago dena eta askoz aukera gehiago dituzu karrera bat ikasi eta kirolari legez hazteko. Euskadin, horrela, deusek ez luke karrera bukatuko.

Izatez, nahiz eta Tempe-n ikasten duzun, denbora gehiago ematen duzu, ia, txapelketaz txapelketa, unibertsitatean bertan baino. Zenbat torneotan lehiatzen zara urtean?

Hamabost bat txapelketetan hartzen dugu parte urtean, baina lehen seihilekoan lau baino ez ditugu eta, bigarrenean, gainontzeko guztiak. Gelditu barik ibiltzen gara udaberri partean, zoramena da eta eskola asko galtzen ditugu.

"Unibertsitateen Liga Nazionala, British Amateur-a eta U.S. Amateur-a dauzkat buruan; hirurak irabazi gura nituzke"

Eta irakasleek zer diote?

Lagundu egiten digute, unibertsitateko kontu bat delako. Entrenatzaileek ere ulertzen dute zenbaitetan entrenatzera joan ezin izatea, ezin baita ahaztu, hemen, gutxieneko maila akademikoa ez baduzu seihileko osoa geratzen zarela jokatu barik. Eta lau urte baino ez dituzu. Horrez gainera, beka bat inbertitu dute gugan, eta presio hori ere baduzu. Jokalari eta ikasle bezala dituzu zereginak.

Komunikazioa ikasten ari zara, zergatik aukeratu zenuen karrera hori?

Oso gauza interesgarriak ikasten ditugulako: soziologia, komunikazioaren teoria, gatazken konponbidea, jendaurrean berba egitea… Gainera, enpresa askok behar dituzte komunikatzeko gaitasuna duten langileak.

Baina amesten duzun ibilbide profesionala golfaren ildotik doa. Gerta liteke?

Bai, eta neure buruari erakutsi nion hori, orain aste batzuk, Waste Management Phoenix Open-ean bosgarren geratu nintzenean. 2008tik ez du amateur batek PGA-ko txapelketa batean horrelako markarik lortu. Benetan gauza ezohikoa izan da.

Eta hori gutxi balitz, munduko txapelduna ere bazara.

Bai, Espainiaren ordezkari legez jokatu nuen. 74 herrialdek eta herrialde bakoitzeko hiru jokalari onenek hartu zuten parte. Taldeka, hirugarren lotu ginen eta, bakarka, urrezko domina lortu nuen.

Kirolari bezala, abiadura bizian zabiltza hazten. Atzera begiratzen duzu inoiz, hasierako egunak oroituz?

Azken boladan bai, nirekin jokatzen zuten askok baino maila dezente altuagoa izaten ari naizelako eta flipatu egiten dudalako askotan. Baina, orduan, ikasten jarraitu behar dudala konturatzen naiz, nota barik golfik ere ez dagoelako hemen. Hori da Estatu Batuetako unibertsitateen alde ona. Badugu Europan zer ikasi. Ez zait esatea gustatzen, baina badaude kirolari txoriburu asko…

Golfa horren kirol hedatua ez izateak horretan eragina izan dezakeela uste duzu?

Estatu Batuetan, oso kirolari gutxi ailegatzen dira profesionaletara unibertsitatetik igaro gabe. Kobe Bryant eta beste gutxi batzuk baino ez.

Kirol elitistaren etiketa du golfak oraindino; hautematen duzu hori?

Badaude oraindik golfa pijoen kiroltzat dutenak, eta hala zen XX. mende hasieran, aberatsentzat baino ez. Baina orain edonork joka dezake. Derion dagoen Eduardo Cellesen akademian, 20 eurogatik badaukazu eskola bat. Eta golf zelai publikoak ere baditugu, ez da dena pribatua. Horrez gain, askoz ere hedatuagoak dauden zenbait kiroletan dirutza utzi behar duzu: surflarien trajeak, eskiatzeko behar duzuna, bai eta futboleko botak berak… Golfa ez da jendeak uste duen bezain garestia, eta askok irizten diotena baino entretenigarriagoa da. Egia da, baina, esfortzu handia eskatzen duela. Eta pena da orain, geurean, (Txema) Olazabal bezalako pertsona bat ez izatea, jendea golfera erakarriko duena.
Ematen du zu izan zaitezkeela Euskadiko hurrengo golf erreferentea.

Asko gustatuko litzaidake eta, gaur egunean, sare sozialei esker, askoz errazagoa da jendeak neure berri izatea. Masters bat irabazten badut, hamar aldiz arinago jakingo du jendeak.

"Falta ditut tabernaz taberna ibili, bazkalosteko mus partidak, kalimotxoa edan ahal izatea, San Mamesera joatea... "

Ez da erraza norbere herrikideen arreta lortzea, bereziki, jendetza mugitzen duten kiroletatik kanpo...

Familiak eta lagunek badakite baina, oro har, uste dut jendeak ez duela lortzen ari naizenaren berri. Azken PGA-ren ostean hainbat irratik eta telebista-katek esan dute zerbait eta Barrikan ere badakite askok. Ilusioa ematen dit horrek. Gainera, uste dut jaietako pregoilaria ni izatea nahi dutela!

Esperientzia erabat desberdina izango da golf munduan, ezta?

Bai, parte hartzen dudan torneo guztietan esaten didate zerbait. Gainera, unibertsitatearen koloreekin jokatzen dudanez, hurbil sentitzen nau jendeak. Athletic-ekin gertatzen dena gertatzen da Ameriketako unibertsitateekin, sentimendu bat da.

Epe labur-ertainean, zer gustatuko litzaizuke lortzea?

Hiru txapelketa ditut buruan: Unibertsitateen Liga Nazionala, British Amateur-a eta U.S. Amateur-a. Amateurrentzat eskura dauden hiru handienak dira. Orain urte bi, unibertsitatean hasiberria nintzela, Nazionalean lehena izatea lortu nuen, horregatik uste dut hori izango dudala lortzen errazena. Beste biak irabazteko aukera badut ere, baina urte bitan latza izango da.

Lan handia exijituko dizu horrek, inondik ere. Familia bisitatzeko astirik baduzu?

Bai, askotan noa etxera. Gabonetan hilabete osoa, ia-ia, eta udan, azken lehiaketa bukatzen denetik eskolak abuztu aldean hasten ditudan arte.

Eta etxean zaudenean, zerk ematen dizu ilusio handien?

Familia eta lagunak ikusteaz gain, bazkariak. Topikoa bada ere, egia da. Aitite eta amamarekin jaten dut lehen egunean, beti. Arrautza-irinetan pasatutako legatza da gustukoen dudana.

Baduzu Uribe Kostan txoko kutunenik?

Hamasei urte nituela Madrilera joan nintzen, beraz zaila da leku bat hautatzea. Baina, txikitan, Sopelatik ibiltzen ginen asko. Orain familiarekin joan ahal naizen edozein toki hautatuko nuke.

Eta, bukatzeko, Ameriketan egin ezin duzun planen bat?

Hamaika gauza! Tabernaz taberna ibiltzea, bazkalosteko mus partidak, kalimotxoa edan ahal izatea… Lelokeria ematen badu ere, bizitza soziala oso desberdina da Ameriketan. Eta jakina, San Mamesera joatea botatzen dut faltan. Bazkidea naiz oraindik, ederra da estadio berria baina Abertzale Sur-en nuen lekua lehen, atearen atzean. Orain kornerrean gaude, ez da gauza bera, baina merkeagoa da, kar-kar. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun