Barrikako Udalak 1.854.682 euroko aurrekontua onartu du 2022rako, EAJ (5 zinegotzi) eta iBarrikaren (zinegotzi 1) aldeko botoei esker; EH Bilduk (4 zinegotzi) aurka bozkatu du. Roberto Muñoz Barrikako alkateak adierazi duenez, "aurrekontu bat izatea ezinbestekoa da, udal-kudeaketa sustatzen eta azkartzen baitu".
Aurreikusitako jardueren artean, Goierri auzoaren egiturazko eraberritzea nabarmendu dute udal-iturriek; izan ere, 105.000 euro bideratuko dituzte horretarako. Egitasmo horren barruan, abiadura murrizteko neurriak, bidegorri bat sortzea oinezko zein bizikletentzako eta sarbideak hobetzea aurreikusi dute.
Horretaz gain, konponketak egingo dituzte zenbait udal-bidetan, eta 18.000 euroko partida bat baliatuko dute auzoen seinaleztapen integrala egokitzeko; horretaz gain, inausketa-esparruetan zaintzarako bideo-kamerak instalatzen jarraituko dute.
Era berean, 35.000 euroko inbertsioa egingo dute, LED argiak jartzeko, egungoak ordezkatuz, eta, hartara, Udalak abian duen aldaketa hori amaitzea aurreikusi du. Horri buruz, Muñozek honakoa azaldu du: “Aurrerantzean ere, ingurumenagaz adeitsuagoa den udalerri bat sortzearen alde egingo dugu”.
Bestalde, 40.000 euroko partida bat gordeko dute udalerriko langabeak kontratatzeko, eta, hala, enplegu-planak sortzeko egun berezietarako; udan, esate baterako. Halaber, Udal diru-laguntzen partidei eutsi dietela ere nabarmendu du alkateak, hala nola euskara ikasteko, haurtzaindegirako edo Barrikako elkarteek egiten dituzten ekintzetarako, hain zuzen ere.
Barrikoztar txikienentzako udalekuen eskaintza luzatu egingo dutela ere iragarri dute. Gainera, partida bat gorde dute San Juan edo Ander Deunaren jaiak ospatzeko, betiere, egoera epidemiologikoak uzten badu.