Elkarrizketak

Joseba Zarraga: "Abizen eta izenen jatorrizko idazkera gogoratu behar da betirako ez galtzeko"

Ander Zarraga 2022ko api. 19a, 11:07

Liburua 17 urteko ikerketa-lanaren emaitza da, eta Zarragak berak autoeditatu du.

Barrikako biztanleen historia laburbiltzen duen liburua argitaratu berri du Joseba Zarragak. Hainbat urtez ikertzen eta informazio biltzen aritu ondoren, barrikoztarrak herriaren eta bere biztanleen historia biltzen duen liburuak  argia ikusi du, Barrikaren lehen aipamenetik hasita. Zarragak kontatzen du historiarekiko duen zaletasuna bere aitak eta aititek kontatzen zizkioten itsasoko eta Ameriketako istorioetatik datorrela, eta, horregaz, inguruko baserrien armarrien esanahia eta familien jatorria ezagutzeko interesa piztu zitzaiola.

Nolakoa izan da liburua egiteko ikerketa-prozesua?

Aldundiko artxibo historikoan aurkitu ditudan dokumentuak ikertzeaz gain, 1607an hasten den Libro de Fabrica delakoa ere ikertu dut, Barrikako biztanleen lehen datu zehatzakaz. Horregaz eta jaiotzak eta heriotzak biltzen dituen liburuagaz Barrikako puzzlea osatzen joan naiz. Datu horiek ez daude interneten, eta banan-banan ikertu behar dira. Baserrien eta auzoen izenak eta abizenak aldatuz joan dira urteakaz, baina horien jatorrizko forma mantendu beharko litzateke, bestela esanahia galtzen doaz. Horren adibide argia da Muriola, izan ere, bere jatorrizko izena Maguriolaga da: magurio asko dagoen lekua, hain zuzen.

Barrikoztarrak Filipinetan:
"Barrika abizena zuen filipinar jatorriko estatubatuar batzuk egon ziren nire etxean. Beraien arbasoak ikertu nituen, eta aurkitu nuen abandonatutako ume batetik datorrela familia hori. Liburuan familia horren historia ere kontatzen dut oso bitxia delako"

Liburuan Barrikako genealogiaren azterketa sakona egiten duzu; zer azaltzen da horretan?

Zearreta bezalako abizenak beste herri batzuetan ere aurkitu daitezke, baina Barrikan bakarrik daudenak ditugu, adibidez: Floriategi, Zandelis, Musaurieta, Aranbaltza, Barrika edo Garramuñu. Ohitura daukat Ameriketara noanean telefono-gida hartzeko eta horrelako zenbat abizen dauden begiratzeko, eta horiekaz harremanetan jartzeko. Horri esker, konturatu naiz atzerrian dauden euskaldun gehienak ondo kokatuta daudela.

Baserri eta familiez gain, Barrikako historiaren parte izan diren eraikinen ibilbidea ere egin duzu, ezta?

Bai; adibidez, Barrikan zegoen gazteluaren berri ematen dut. Horretaz gain, Barrikako taberna-etxeen inguruan ere egiten dut berba eta nola bide berriak egiteko zergak batzen zituzten horietan. Horretaz gain, Barrikan lau portu ere zeuden, San Telmokoa, Meñakozekoa, Muriola edo Maguriolagakoa eta liburuan azaltzen dudan beste bat, inork ez duena asmatuko non zegoen. Horretaz gain, inork ez daki Paraguain bizi zen barrikoztar batek dirua eman zuela udaletxea eta aldameneko eskola eraikitzeko.

Barrikak beti izan du itsasoagaz lotura estua...

Bai, zerrenda luze bat daukat kapitainena eta patroiena, Plentziako kofradiakoak, eta bertan hainbat izen azaltzen dira. Nire familian ere, industria egon aurretik, asko marinelak izan ziren, eta itsasoan zebilen jendeak diru asko egiten zuen.

Hainbat kontu.
"Liburuan XV., XVI. eta XVII. mendeko orube zaharrak, gerra karlistak edota Elorduy zaharren etxearen jatorria kontatzeaz gain, Barrikak eman dituen pertsonaia ezagun asko ere bildu ditut, asko izan direlako"

Nondik hartu duzu liburuaren izenburua?

Barrikari erreferentzia egiten dion lehen izkribua da, 1052. urtean Gartzia Santxitz Nafarroako erregearena. Garai hartan aipatu zuen lehen aldiz Barrika; Bizkaia gaur egun idazten den moduan izendatuz, gainera, oso bitxia dena. Horretan esaten du Santa Mariako Barrikak hamarrenak Errioxako Naiarari ordaindu behar dizkiola. Horretaz gain, azalean elizako XII. mendeko erromanikoko leihoa azaltzen da, eta atzealdean bataiarria. Ni ez naiz katolikoa, baina horren balio arkitektonikoaz gain, balio sentimental handia ere badu; pentsa bederatzi mendetan zenbat barrikoztar bataiatu dituzten bertan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun