Parte hartu gura duten taldeek ekainaren 18an, zapatuan, eman beharko dute izena, 11:00etan, Agirre Lehendakaria plazan, eta talde bakoitzak bere sukalkia egiteko behar duen guztia eraman beharko du, esaterako, mahaiak eta aulkiak. Izena eman ondoren (gehienez ere 35 talde), antolatzaileek zenbaki bana emango diete, eta horregaz aurkeztu beharko dute kazola, bestelako seinale edo identifikaziorik gabe. Sukalkia aurkezteari dagokionez, kazola bat aurkeztu beharko da, gutxienez 6 erraziokoa, 14:00etan, Barrikako Udaletxe plazan.
Irizpide hauek hartuko dira kontuan sukalkiak baloratzeko: zaporea, testura eta aurkezpena; gainera, derrigor erabili beharreko osagaiak egongo dira: behikia (azpizuna izan ezik) eta patata. Saltsa egiteko, ezingo da erabili ez perretxikorik, ez ilarrik. Epaimahaiak dastatu ondoren, talde bakoitzak bere kazola jasoko du, eta sukalkia jai-barrutian jan ahalko du.
Sariak
Bost sari egongo dira: talde onenarentzat, 300 euro eta txapela; bigarrenarentzat, 200 euro; hirugarrenarentzat, 150 euro; laugarrenarentzat, 100 euro; eta bosgarrenarentzat, 90 euro.