Kanpainak hainbat bloke ditu, bai digitalak bai presentzialak, ahalik eta komunikazio-kanal gehien erabiliz hedapen handiagoa lortu ahal izateko. Aurrez aurreko jardueren helburua herritarrakaz zuzenean komunikatzea da. Horretarako, hainbat jardunaldi eskainiko dituzte udalerriko hainbat tokitan. Muriolako hondartzako bi garbiketetako lehena egin zuten irailaren 24an. Horretan, itsas hondakinak bildu eta kostaldean bizi den marearteko flora eta fauna azaldu zituzten, itsasoko biologoen eskutik. Bigarren garbiketa azaroaren 6an egingo dute, domekan, goizeko 09:00etatik 13:00etara.
Sentsibilizazioko informazio-hitzaldiak
Beste blokeetako bat sentsibilizazioko informazio-hitzaldiak egitea da. Kanpainaren webguneko edukiak transmitituko dituzte, etxeko hondakinen kudeaketari buruzko informazioa emango dute eta birziklatzearen inguruan sor daitezkeen zalantzak argituko dituzte. Hitzaldiak urriaren 20an, eguenean, eta azaroaren 23an, eguaztenean, izango dira, Nagusien Etxean, 19:00etan, eta ordubete iraungo dute.
Azkenik, kanpainan zehar ikasitako guztia praktikan jartzeko dibulgazio- eta hezkuntza-jardunaldi bi eskainiko dituzte, publiko guztientzako tailer, joko eta dinamikakaz. Helburua kanpainan zehar transmititutako ohiturak sendotzea da, Barrikako biztanleek beren etxeetan edukiontziak behar bezala erabiltzeko ohitura izan dezaten. Jardunaldi horiek urriaren 22an (zapatua) egingo dituzte, Goierriko Ander Deuna Kultur Aretoaren ondoan dagoen pilotalekuan, eta azaroaren 19an (zapatua), udal-pilotalekuaren ondoko Nagusien Etxean, 10:00etatik 14:00etara.