“Barrikan lehenengo, San Tomas hurrengo” leloagaz, kostaldeko udalerrian, lehenengoz, hamabost postu eta hainbat gune gastronomiko izan dituen Gabonetako Azoka antolatu dute aste-akabuan. Bertako ekoizle entzutetsuek, besteak beste, urdaitegiko jakiak, kontserbak, euskal pastela, itsaskia, taloa eta egurrezko jostailuak eroan dituzte, eta antolatzaileen eta udal-iturrien arabera, "erabateko arrakasta izan du ekimenak".
Era berean, aurreikuspenak gainditu dituzte zapatuan eta domekan egin dituzten magia-tailerrek eta ikuskizunek. Antolatzaileek adierazi dutenez, “magia- tailerretan overbookinga egon da, ia 200 pertsona, espero genuena baino askoz gehiago. Magia-ikuskizunetara ere 200 pertsona inguru joan dira, hau da, osorik bete da pilotalekuaren edukiera. Ilarak egon dira taloa hartzeko, euskal pastelerako... Sinestezina izan da”.
Eguraldia lagun, giroa ezin hobea izan dela ere nabarmendu dute, eta aste-akabuan ia 3.000 pertsona bertaratu direla diote antolatzaileek. Irauteko eta “hurrengo urteetan errepikatzeko” asmoz sortu da Gabonetarako hitzordua dela ere gaineratu dute udal-iturriek.