Birziklapenari buruz kontzientziatzeko Barrika Batu kanpaina amaitutzat eman dute

Erredakzioa 2022ko abe. 22a, 11:40
Burutu dituzten jardueren artean, hondartza garbitzeko jardunaldia egin zuten Muriolan. © BARRIKA BATU

Barrika Batu proiektua 2022ko irailean hasi zen, eta Udalak amaitutzat eman du lau hilabetez birziklatze edukiontzien erabilera zuzenari buruz dibulgazio- eta kontzientziazio-kanpaina. Tantak elkartearen laguntzagaz, ingurumena zaintzeko birziklatzearen beharraz ohartarazteko hainbat jarduera egin dituzte.

Barrikako Udalak birziklapenaren aldeko apustua 2021ean hasi zuen, edukiontzi marroia ezarriz, hondakin organikoena, hala nola fruta, barazkiak eta janari-hondarrak. Udal-iturriek azpimarratu dutenez, edukiontzi horrek aukera ematen du etxeko hondakinen birziklapena sustatzeko eta udalerria leku iraunkorragoa bihurtzeko. Aldi berean, herritar kontzientziatuen aldeko apustua eginez, errefusaren edukiontzietan sarraila elektronikoa ezarri zen. Errefusaren edukiontzia, edukiontzi organikoa bezala, Barrikako etxebizitza bakoitzari banatutako txartel elektroniko bategaz irekitzen da.

2022ko irailean, Udalak Barrika Batu proiektua jarri zuen abian, birziklatze edukiontzi guztien erabilera zuzena indartzeko helburuagaz, errefusaren eta organikoaren edukiontziak bereziki nabarmenduz. Kanpaina honen ardatz nagusia Barrika Batu ekimenaren webgunea izan da. Bertan, barrikoztarrek hainbat dibulgazio eduki baitituzte eskura, besteak beste, umeentzako eta helduentzako jolas interaktibo dibertigarriak, edukiontzi bakoitzean zer hondakin joan behar den ikasteko. Horrez gain, Barrikako herritarrek birziklatzearen inguruan egin dituzten kontsultetan oinarritutako galderak dituen quiz bat ere dago. Baita edukiontzi bakoitza azaltzeko bideo didaktikoak eta edonoren eskura dagoen materiala ere.

Era berean, proiektuak aurrez aurreko jarduerak izan ditu. Helduentzako sentsibilizazio hitzaldiak antolatu dira, Barrikako birziklatzearen bilakaera, edukiontzien erabileraren egungo egoera, eta udalerrian hondakinen birziklatze egokia sustatzeko irtenbideak eta hobekuntzak azaltzeko. Dibulgazio-tailerrak, jolasen eta dibulgazio-materialen bidez, tresnak aurkeztu zaizkie herritarrei, etxeko zaborrak birziklatzeari buruz sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

Azkenik, hondartzako jardunaldiak ere egin dituzte. Horietan, itsas fauna eta florari buruzko ingurumen-tailerrak egin dituzte, itsas biologoen eskutik. Barrikako ingurune natural aberatsarekiko sentsibilizazioa sendotzeko eta, horrela, herritarrak birziklatzeko ohiturak hobetzearen inguruan kontzientziatzeko beharra indartzeko. Gainera, Muriolan garbiketa-jardunaldiak egin dira, hondartzan aurkitutako itsas hondakinak aztertuz eta kuantifikatuz.

Bideoa

Barrika Batu proiektuaren amaiera gisa, bideo-erreportajea ikus daiteke proiektuaren webgunean. Bertan, udalerriaren irudiak, elkarrizketa txikiak eta, batez ere, proiektuaren filosofia eta barrikoztarren inplikazioa erakusten dira.

Barrikako Udalak proiektu hau aurrera eramateko Tantak elkartearen laguntza izan du. Uribe Kostako elkartea da, ingurumen hezkuntza kanpainetan Mankomunitateagaz eta zonaldeko ikastetxeetan lan egin duena, natura zaintzeko kontzientzia sortuz eta zabalduz, hori baita erakunde horrek duen helburu nagusia.

Barrika batu izan da Barrikako Udalak ingurumena errespetatzen duen herri iraunkorragoa bihurtzeko duen interes sendoaren adibide. Zentzu horretan, Roberto Muñoz udalerriko alkateak espero du, “Barrikako herritarrek ekimen horren balioak barneratzea, gure herria hondakinak birziklatzeko toki eredugarri bihurtzeko”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun