Ausinek ziurtatu du “Barrikaren alde eta Barrikaren onbeharrez” lanean jarraitzeko gogo handia duela, eta Barrikako EAJren hautagaitza berriak herri horren etorkizunari ilusioz begiratzen diola adierazi du. “Pertsonak ditugu, proiektuak ditugu, eta ilusioa dugu”, azpimarratu du hautagaiak.
Horrela, Unibasok udal-talde jeltzalea gidatuko du, Roberto Muñoz egungo alkatearen eskutik lekukoa hartuz. Gogoratu duenez, azken bi legegintzaldietan Barrikarentzat garrantzitsuak diren proiektuak egin dira, eta, horien guztien artean, honako hauek nabarmendu ditu: HAPOren onarpena, udal pilotalekuaren berrikuntza, Emakumeen Biribilgunea eta Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzua (HAZ) sortzea udal bulegoetan.
EAJk herritarren aurrean aurkeztuko dituen ekintza guztiak azaltzeko goiz bada ere, talde jeltzalea konpromisoak aurreikusten hasi dela iragarri du. Adibidez, Goierri eta Artepeta auzoak oinezkoentzako eta bizikletentzako bide baten bidez lotzea; Kostaldeko bidezidorra seinaleztatzea, itsaslabarreraino eramanez; oinezkoentzako guneak sortzea Barrikako auzo gehienen eta mugakide diren udalerrien artean; ibilgailuek udal-bideetan duten abiadura-muga murrizteko ekintzak ezartzea, oinezkoei eta bidegorrien erabiltzaileei bide-segurtasun handiagoa emateko, eta, horrez gain, HAPOren garapen iraunkorra egitea, etxebizitza tasatuak eta babes ofizialeko etxebizitzak bultzatuz.
Itziar Unibaso ehungintzaren diseinu sektoretik dator, eta argazkilaritza eta uretako kirolen zalea.