Barrikako udaletxetik abiatu zen ibilbideak 12.470 metroko luzera zuen eta Muriolako, Barrikako eta Meñakotzeko hondartzak zeharkatu zituen. Ondoren, udalerritik igaro eta Txipio ingurutik jarraitu zuen, Butroeko itsasadarra inguratuz, eta, azkenik, Barrikako Udaletxeko plazan bukatu zen lasterketa. Ibilaldia zailtasun ertainekoa izan zen, gehienez, 130 metroko altueragaz eta 277 metroko desnibel negatibo eta positiboagaz.
Nahiz eta lasterketa berandutu, erritmo ikaragarria hartu zuten lehiakideek eta ordutegia bere onera bueltatu zen. EHUko Kimikan doktore den Jon Pascualek bere ezagutza eta kalitate fisikoa uztartu zituen Barrika Pirata Traileko zirkuitu lokaztuan, lasterketako 12.450 metroak 50.54 minututan burutu baitzituen. Ia 2minutu atzetik utzi zituen Juan Alberto Carrascal eta Edorta Zubiaurre, 52.39 eta 52.42ko markak izan zituztenak. Emakumezkoetan, Besaide Astobizak garaipenagatik gehiago borrokatu behar izan zuen, azken 3 kilometroetan Sandra Solaguren aurreratu ondoren. Duatleta nafarrak, jarduera konbinatuko espezialista espainiar onenetakoak, 28 segundoan aurreratu zuen txapeldunordea eta ia 2 minutuan Zuriñe Gil hirugarrena.
Ibiltzeko modalitatearen kasuan, lehiaketatik kanpo egon arren, Carlos Frías Collado eta Alazne Alonzo Irusta izan ziren Barrikako udaletxera iristen lehenak, 90 eta 84 minututan, hurrenez hurren. Helmugan, ehunka pertsona zeuden parte-hartzaileen zain, eta iriste hutsagatik edo marka on batengatik, zuku, ur, txoripan eta edari isotonikoen hornidura ikusgarriakaz ospatu zen jaia. Lasterketako partaideez gain, jende andana bertaratu zen giroaz gozatzera; izan ere, antolatzaileek dastaketa postuak, taloak eta euskal pastela saltzeko postuak ere jarri zituzten inguruko ostalaritza-eskaintza indartzeko asmoagaz.
Emakumeen parte-hartzea % 42,8koa izan zen, eta gizonena, berriz, % 57,2koa, beraz, genero aldetik nahiko lasterketa orekatua izan zen. Adinari dagokionez, partaide gehienak 45-54 urteko adin-tartekoak izan ziren, zehazki, % 32,4. Ondoren, 35-44 urteko lagunak % 28,1a izan ziren; eta bukatzeko, 25-34 urteko adin-taldeak partaideen % 18,41a.
Barrika Pirata Trailak 1.700. urteko piraten eta itsaslapurren datu historikoak ditu oinarri, baina antolatzaileek adierazi dutenez, XIV. mendetik badira euskal piraten erreferentziak udalerrian. Beraz, egitasmo horren bitartez, Barrika Pirata Trail taldearen xedea izan da herriko turismoa ezagutzera ematera.