Elkarrizketak

Roberto Muñoz: "Gure udalerria garatzeko ezinbestekoa den HAPOa onartuta utzi ahal izateaz harro nago"

Nahia Martinez Gondra 2023ko mai. 5a, 18:09

Hurrengo legegintzaldian alkategai izateari utziko dio Muñozek. © EAJ-PNV

Horretarako prest egon diren eskualdeko udal-agintariei egindako elkarrizketei amaiera emateko, gaurkoan egungo Barrikako alkate den Roberto Muñozen legegintzaldiaren nondik norakoak gertutik ezagutuko ditugu. Muñozek alkategai izateari utziko dio, eta, hartara, beragaz elkartu gara lau urte hauek alkate gisa nola bizi dituen jakiteko, baita legegintzaldi honetako oztopoei nola aurre egin dien ezagutzeko.

Zelan baloratzen duzu azken lau urteotako legegintzaldian egindako ibilbidea?

Oso legegintzaldi ona izan da. Eskainitako dedikazioagatik eta esfortzuagatik zerbait nabarmendu beharko banu, zalantzarik gabe, HAPOa onartzea litzateke. Niretzako hori izan da erronkarik garrantzitsuena, eta, egia esan, harro nago Udalak hirigintza mailan ondo funtzionatzeko eta etorkizunean gure udalerria garatzeko ezinbestekoa den tresna hori onartuta utzi ahal izateaz.

Zailtasunez eta gorabeherez betetako legealdia izan da azken hau, hala nola COVID-19 pandemia eta krisi ekonomikoa; zelan egin dizkiezue aurre?

Bistan denez, pandemiak min handia egin zigun; proiektu garrantzitsuak nahasi zituen, eta guztiz desberdin funtzionatzen ikasi behar izan genuen, gizarteko gainerako kide guztiek bezala.

Barrika udalerri txikia denez eta adineko pertsona asko dituenez, sektore horri eta beste kolektibo kalteberei eman genien lehentasun osoa. Barrikak adinekoen hiru egoitza-zentro ditu, eta bertan dauden pertsonek kudeatzeko oso zaila izan den pandemia bat bizi behar izan dute. Horregatik, Udalak babes osoa eskaini zien lehenengo minututik.

Bide batez, berriro zoriondu nahi ditut langile soziosanitario guztiak, egoiliarrak eta gure gizarte-zerbitzuak, euren lana betetzeko dena eman zutelako. Benetan uste dut ezin izan zutela hobeto egin.

Gobernu-taldeak aurrera eramandako proiektu guztien artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Aipatu dudan bezala, HAPOa onartzeaz gain, Barrikako frontoiaren eta bere inguru osoaren eraberritzea nabarmenduko nuke. Besteak beste, frontisaren atzealdean rokodromoa eraikitzea, espaloi perimetrala jartzea, herrian eta herritik kanpo hainbeste gustatu den panela instalatzea, baita frontoia beraren eta erretiratuen etxearen arteko kalea oinezkoentzat jartzea ere. Izan ere, azken horrek ingurune atseginago bat sortu duela uste dut.

Bestalde, oso pozik nago Barrikan hain beharrezkoa zen 5. edukiontzia ezartzearekin. Pixkanaka-pixkanaka, jendeak hobeto erabiltzen du, hobeto bereizten du zarama, eta gero eta kontzienteago da horrek ingurumenean duen eragin positiboaz. Horrekin lotuta, herritarrek zoriondu gaituzte inauste-hondarrak biltzeko guneak ixteagatik. Halaber, pandemia garaian, Auzotaxi zerbitzua jarri genuen martxan, eta arrakasta hain handia izanik, zerbitzua mantentzea eta hobetzen saiatzea erabaki dugu.

Beste proiektu garrantzitsu batzuk aipa nitzake, hala nola San Telmo auzoko saneamendu lanak, eraginkortasun energetikoa udal argiteria publiko osoan, udal biltegiaren eraberritzeak, udaletxearen lehen birgaitze fasea eta hastear dagoen beste bat: Goierri auzoa berrurbanizatzea. Gainera, beste zerbitzu berri bat da iaz abian jarritako katu-kolonien kontrola. Horrek herritarren artean garrantzi handia izan du animalien ongizatearekin gero eta kontzientziazio handiagoa sortzen ari delako.

Bukatzeko, kulturari dagokionez, aipatzekoak dira Uribe Kosta osoan ospetsu egin diren neska-mutilentzako udalekuak, baita Euskara Zinegotzigoak egin duen eta egiten jarraitzen duen lana ere gure hizkuntza gero eta agerikoagoa izan dadin udalerrian eta Udalean. Gainera, lankidetzan aritzen gara emakumeen aldeko udal elkarteekin, adinakoekin eta Barrikako toponimia liburuaren aldeko hainbat proiektu garrantzitsurekin. 

Baten bat bidean egiteke gelditu zaizue?

Puntu honetan, Zabaletxetik Goierrirako espaloiaren lizitazioa onartuta edukitzea gustatuko litzaiguke. Gainera, BFAko errepide sailaren azken baimenaren zain gaude.

Zelakoa da gaur egungo egoera Udalbatzan?

Ona; lan-giro ona dugu, eta politikariek zein teknikariek gauzak egiteko gogo handiak dituzte.

Udalean egindako bide honetan, zein izan da zure erronkarik nagusiena politikari dagokionez?

Zalantzarik gabe, HAPOaren onarpena, baina beste proiektu batzuek, Plan Orokor baten garrantzia izan gabe, Barrika atseginagoa egin dute. Zentzu horretan, Alkatetza gogobetetze-maila altuarekin uzten dut.

Zelan uztartu dituzu agintari eta herritar gisako paperak zure bizitza pertsonalean?

Egia esan, karguan zauden bitartean zaila da zure bizitza pertsonala uztartzea, azkenean Barrika bezalako herrietan, eguneko 24 orduetan alkate zara, asteko zazpi egunean, hori horrela da.

Alkategai izateari utzita, zer proiektu duzu buruan etorkizunerako?

Nire jarduera profesionalera itzultzea, ez dudana inoiz utzi, eta, jakina, talde berria laguntzea ahal dudan guztian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun