Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
Barrika marmotaren herria da, eta 44 urte daramatza kolore bakarreko udal-kudeaketarekin, geldituta, ekimenik gabe eta herritarrei entzun gabe gobernatzen. Gauzak aldatzeko eta marmota esnatzeko garaia da.
Zeintzuk dira zuen ustez Barrikak dituen arazo nagusiak?
Auzoen arteko irisgarritasun- eta kohesio-arazoez gain, ekipamendu- eta zerbitzu-falta nabaria da Barrikan. Horrek kalitatez bizitzea zailtzen die adinekoei, helduei, haurrei eta gazteei. Gobernatzeko modu berri eta hobea behar da eta herritarrekin elkarrizketan oinarritutakoa.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
EH Bildu Barrikak herritarren konfiantzan oinarritutako kudeaketa eredu bat proposatzen du, auzokideekin elkarreraginean aritzeko eta guztion artean Barrikaren garapen orekatua lortzeko, gure ingurune pribilegiatua errespetatzeko eta, aldi berean, kalitatezko zerbitzuak garatzeko. Entzunarazi beharko ditugu barrikoztarren ahotsa eta beharrak, guztion artean etorkizuneko Barrika eraikitzeko.
Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?
Zalantzarik gabe. Barrikak aldaketa bat behar du eta prest gaude beste indar batzuekin hitz egiteko eta adosteko, udalerriak behar duen aktibazioa eta indarberritzea bultzatzeko. Are gehiago, esango nuke azken hamarkadetan Barrikak osasun etxea badu edota ur-azpiegituretan urrats gutxi batzuk egin baditu, EH Bilduren ekimenez izan dela, eta beste udal-taldeekin adosteko gaitasuna izan duelako.
Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?
Barrikak aldaketa bat behar du eta beste herri-eredu bat posible da. Horretarako, EH Bilduk proiektu sendoena eta talderik konprometituena eta prestatuena aurkeztu ditu, Barrika kudeaketa onaren eta bizi-kalitatearen erreferentzia izan dadin.
Gainera, EH Bilduren ordezkarien laguntza badugu Barrikaren kudeaketa baldintzatzen duten beste erakunde batzuetan. Barrikako hainbat arazo udal-eskumenetatik kanpo daude, baina beste erakunde horietan dugun eraginari esker, hala nola Batzar Nagusietan garraioari eta zaintzari dagokienez, edo Eusko Legebiltzarrean osasun eta etxebizitzari dagokienez, edota Gobernu Zentralean kostaldeari dagokionez, gure taldeak tinko lan egingo du irtenbideak aurkitzeko.
Hautagaitza honen hauteskunde-programa osoa ikusteko, sakatu hemen.