Itziar Unibaso, EAJ: "Gure herriari etorkizun erreal, serio, ekonomikoki iraunkor eta egonkorreko proiektua eskaini nahi diogu"

Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 14:10

Itziar Unibaso, Barrikako EAJko alkategaia. © EAJ

Itziar Unibasok Roberto Muñozen lekukoa hartu du EAJko zerrendaburu gisa, eta haren ordezko ere izan gura du alkate moduan maiatzaren 28ko udal-hauteskundeen ondoren. Gaur egun, Kultura, Berdintasun eta Gizarte Ongizateko zinegotzia da, eta "herritarren zerbitzura egongo den talde bikain bat" bidelagun izanda, jeltzaleen alkategaia da orain. Bere proiektuaren nondik norakoak aurkeztu dizkigu.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak? 

Datorren legegintzaldirako aurkeztutako programatik, irisgarritasuna eta mugikortasuna, eta energia-eraginkortasuna nabarmenduko nituzke. Kontsumo txikiko LED argiekin argiteria publiko guztia instalatu da, eta 2023-2027 legegintzaldian beste urrats bat egin nahi dugu eraginkortasun energetikoaren garapenean. Udalerri jasangarri bat sortzen jarraitu nahi dugu, eraikin publikoetan plaka fotovoltaikoak jarriz.

Era berean, berdintasuneko eta gizarte-ongizateko politikak bultzatzen dituzten programak garatzen jarraitu nahi dugu, bai eta kultura- eta kirol-jarduerak eskaintzen ere. Hori guztia, euskararen ikaskuntza eta erabilera esparru guztietan sustatuz.

Zeintzuk dira zuen ustez Barrikak dituen arazo nagusiak?

Barrikak duen arazo nagusia da auzo sakabanatuak dituen udalerri bat dela, haien arteko lotura zailtasunak dituena. Etxebizitza publiko eza ere hobekuntzarako erronka bat da, eta HAPO berria eta, jakina, garraio publikoa garatu ondoren, horri irtenbidea ematen saiatuko gara.

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

2023-2027 legegintzaldian, gure konpromisoetako bat da Barrikako udalerria Sopelatik Plentziaraino errepide orokorretik bateratzea eta oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat sortzea, Goierri eta Artepeta auzoak lotuko dituena, Zabaletxe-Goierriko espaloiarekin osatuko dena.

Gainera, 2019-2023 legegintzaldian hasitako auzotaxi zerbitzua ere hobetu nahi da. Orain arte barrikoztarrak udaletxera, anbulatorioetara, Urdulizko ospitalera edo metro geltokietara hurbiltzen dituen zerbitzua da. Hala ere, konpromisoetako bat osasun-zentroetarako zerbitzu hori handitzea da.

Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?

Maiatzaren 28ra arte itxaron beharko dugu gehiengoak nola eratzen diren ikusteko. Hala ere, gure ustez, politikan akordioa oinarrizkoa da, eta gehiengo osoa lortu ezean, egonkortasuna desberdinen arteko itunen bidez lortzen da, guztien onerako eta kalitatezko zerbitzuak emateko. Hala ere, uste dugu beharrezkoa dela talde politiko guztien arteko lankidetza udalerria hobetzeko.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

Izan ere, EAJ Barrikako zerrenda osatzen dugun taldea udalerria ezagutzen dugun pertsonak gara, gertuko jendea, Barrikako eguneroko bizitzan inplikatuta dagoena, herrian loturak dituena eta bizilagunek helarazten dizkiguten benetako arazoak entzuteko eta konpontzeko prest gaudena. Ilusioz, ideia berriekin eta ekarpenak modu positiboan egiteko gogoz aurkezten gara, gure herriari etorkizun erreal, serio, ekonomikoki iraunkor eta egonkorreko proiektua eskainiz.

Datozen lau urteetarako proiektuak dakarzkigu, urrutirago begiratzeari utzi gabe, gure udalerriak eta bertako biztanleek eskatzen dituzten beharrei erantzuten saiatzeko, nirekin dauden emakume eta gizon guztien konpromisoarekin, eta EAJren ibilbidearen eta egiteko ereduaren bermearekin.

Barrika ahalmen handiko udalerria da, eta Barrikako EAJren zerrendak osatzen dugun lantaldeak, Barrikarentzat onena eman nahi dugu, bizitzeko aukera gehiago eskaintzen dituen tokia izan dadin, eta gazte eta helduek gozatzeko aukera izateko. Horrela, haien partaidetza soziala sustatuko duten zerbitzuak eskaintzen jarraituko dugu, guztiak baitira gure udalerriaren zutabe.

Hautagaitza honen hauteskunde-programa osoa ikusteko, sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun