43.000 urte dituen silex tailer bat aurkitu dute Barrikako aire zabaleko aztarnategian

Nahia Martinez Gondra · Iker Rincon Moreno · Hodei Torres 2023ko eka. 26a, 13:20

Meñakotz hondartzaren gainean iaz ikertzen hasi zuten aztarnategia duela 43.000 urteko silex tailerra dela ondorioztatu dute arkeologoek, EHUko Historiaurreko katedradun Alvaro Arrizabalagaren eta Maria Jose Iriarte doktorearen zuzendaritzapean, eta Barrikako eta Plentziako udalen eta Edestiaurre Arkeologia Elkartearen babesagaz. Iaz egin zuten lehenengo kanpaina Barrikako Zabalatxe 22 aztarnategi horretan, eta, aurten, indusketa-lanak zabaldu dituzte. Hala, azkenengo neandertalen eta lehenengo gizaki modernoen arteko trantsizio-frogak izan daitezkeen aztarna ugari topatu dituzte, Châtelperron aldikoak, hain zuzen ere. Hala, garai hartako ehiztari-biltzaileen tresnak egiteko tailer bat dela ondorioztatu dute, eta, momentuz, 1.000 aztarnatik gora topatu dituzte.

EHUko Historiaurreko katedradun Alvaro Arrizabalagaren arabera, egun hauetan 1,30 metrora arte jaitsi dira indusketa lanak egiteko, baina sei metrotara iristea dute helburu, "arroka-amara heldu arte". Pasa den urtean egindako kanpainan 250 aztarna topatu zituzten, baina aurten askoz informazio gehiago biltzen ari dira: "Indusketa lanekin hasi berri gara, eta jada 1.000 aztarnatik gora topatu ditugu", azaldu du Arrizabalagak. Hala, etorkizunerako bost kanpaina gehiago egiteko asmoa dute, aurkitutako aztarna guztiek informazio baliotsu eta berria ematen dutelako: "Hau da mundu osoan hoberen kontserbatutako Châtelperron aldiko tailerra".

Momentuz, Barrikako flyscheko silexez egindako 20 bat harri-tresna biltzea lortu dute; "iraganean oso preziatua zen material hori, oso kalitate onekoa baita ehiztari-biltzaileek tresnak egiteko". Hala, Arrizabalagak zehaztu du indusketa eta ikerketa lan honegaz neandertalen eta Homo Sapiensen arteko trantsizio-etapa den Châtelperron aldiaren potentziala baloratu ahalko dutela.

Iñaki Libano Edestiaurre Arkeologi Elkarteko presidenteak aurkitu zuen orain 40 urte Zabaletxe 22 aztarnategia, Meñakotzeko inguruetan hodi batzuk sartzeko lanak abiatu zituztenean. Ordutik, impasse batean mantendu dute hori aztertzeko proiektua, 2022ra arte.

Iaz egindako lehenengo fasean, lau metro koadroko zundaketa arkeologikoa egin zuten, eta baieztatu zuten  inguru horretan Erdi eta Goi Paleolitoko materialak zeudela, bereziki Châtelperron aldikoak.

Adituek diotenez, eskualde eta Bizkaia mailan garrantzi handiko aztarnategia da hau, eta baliteke Europa mailan ere, eta horregatik dago sartuta ikerketa-lanetan EHU. Izan ere, Arrizabalagak aipatu bezala, Châtelperron aldiko aztarnategi oso gutxi daude inguruotan, eta oso esanguratsua da garai hori neandertalen eta Homo Sapiensen arteko trantsizioa ezagutzeko

Hala, uneotan, Châtelperron kultura jasotzen dituen aztarnategi bi ditu Barrikak, "eta izugarria da hori".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun