Historiaurreko aztarnategi berri bat aurkitu dute Barrikan: "Zabaletxe 22"

Iker Rincon Moreno 2022ko eka. 20a, 15:59

Duela 40.000-42.000 urteko materiala gordetzen duen aztarnategi berri bat aurkitu dute Barrikan, Meñakotz inguruan: "Zabaletxe 22". Joan den astelehenean abiatu zituzten indusketa-lanak bertan, eta eguen honetara arte arituko dira bertan, momentuz.

Barrikako Udala eta Edestiaurre Arkeologi Elkartea lankidetzan ari dira 1982an Iñaki Líbanok, elkarte horretako presidenteak, aurkitutako aztarnategi horren indusketan. Bertan dabiltza egunotan lanean doktoratu osteko ikertzaileak, EHUko ikasleak eta Edestiaurre Arkeologia Elkarteko kideak, Historiaurreko katedradun Álvaro Arrizabalaga Valbuenaren eta EHUko María José Iriarte Chiapuso doktorearen zuzendaritzapean.

Arrizabalagak azaltzen duenez, lehenengo fasean, lau metro koadroko zundaketa arkeologikoa egin dute, eta daborduko aurretik planteatutako helburuak bete dituzte, hau da, baieztatzea inguru horretan Erdi eta Goi Paleolitoko materialak daudela, bereziki Châtelperron aldikoak. Hala, hortik gertu dagoen Aranbaltzakoagaz batera, hauxe izango da azkenengo neandertalen eta lehenengo gizaki modernoen arteko trantsizio-frogak izan ditzakeen beste aztarnategietako bat inguruotan. "Oso aztarnategi gutxi daude halako materialak batzen dituztenak; Frantzia hegoaldean eta Iberiar penintsularen iparraldean kokatzen den kultura materiala da hori, eta horiek jasotzen dituzten aztarnategi guztiak oso preziatuak dira", dio katedradunak.

Joan den astelehenean hasi zituzten indusketa-lanak bertan, eta eguen honetara arte arituko dira beharrean, momentuz. Izan ere, Arrizabalagak berak azpimarratu duenez, hasierako fase honetan suharriz egindako kalitate handiko askotariko tresnak agertu dira, inguruotako beste aztarnategietan bezala. "Hemengo suharriaren kalitatea oso handikoa da, eta antzinako gizakiak horrek erakarrita etortzen ziren hona, Barrika eta inguruotara, lehengai horrekin hornitzeko".

Ildo horretan, zer motatako aztarnategia den galdetuta, Arrizabalagak aitortu du oraindino goiz dela jakiteko hori, baina dagokigun garai kronologikoa kontutan hartuta, hiru motatakoak izan daitezkeela azpimarratu du: lantokiak, ehiza-lekuak eta kanpalekuak, aire zabalekoak. Halere, orain arte jasotako materiala ikusita, uste du zantzu asko daudela esateko "Zabaletxe 22" aztarnategia harri-tresnak egiteko tailer bati lotuta egon daitekeela: "Oraindik falta zaizkigu nukleoak, euskarriak eta tresnak egiteko erabiltzen zituztenak, baina topatutako materiala ikusita, hipotesi logikoena da tailer moduko zerbait dela honakoa".

Hala, hasierako emaitzok ikusita, etorkizun hurbilean litekeena da indusketa-lanak zabaltzea, areagotzea eta kanpaina gehiago bideratzea bertan.

1982tik, geldirik

Iñaki Libano Edestiaurre Arkeologi Elkarteko presidenteak aurkitu zuen orain 40 urte "Zabaletxe 22" aztarnategia, Meñakotzeko inguruetan hodi batzuk sartzeko lanak abiatu zituztenean. Ordutik, impasse batean mantendu dute hori aztertzeko proiektua, orain arte.

"Eskualde eta Bizkaia mailan garrantzi handiko aztarnategia izango da hau, eta baliteke Europa mailan ere, eta horregatik dago sartuta ikerketa-lanetan EHU. Izan ere, Arrizabalagak aipatu duen bezala, Châtelperron aldiko aztarnategi oso gutxi daude inguruotan, eta oso esanguratsua da garai hori neandertalen eta Homo Sapiensen arteko trantsizioa ezagutzeko", dio Libanok.

Hala, uneotan, Châtelperron kultura jasotzen dituen aztarnategi bi ditu Barrikak, "eta izugarria da hori". Etorkizunean, gainera, udalerriko inguruetan eta Uribe Kostan katalogatuta dituzten beste 70 aztarnategiak ikertzen hasiko direla iragarri du Libanok.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun