Elkarrizketak

Jesus Arzubiaga: "Guk Barrikako bazter guztien izenak batu nahi genituen eta, horrela, 958 toponimo bildu ditugu"

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 26a, 10:44

Jesus Arzubiaga, liburua eskuetan duela.

Bederatzi urteko ikerketa baten ostean, Barrikako 958 leku-izen batzen dituen azterketa-lana aurkeztu zuten joan den barikuan. Gertuko auzokideen elkarteko lau kideez osatutako TopoBarrika boluntario-taldeak egin du lan hori eta, azaldu dutenez, horri esker, udalerrian dauden toponimoak eta kokapenak ezagutzea ahalbidetuko dute, hain zuzen, herri baten kultura-ondarea mantentzeko. Nabarmendu dutenez, ildo horretan Barrikan egindako azterketa lanik sakonena da hau.

Barrikako toponimia batu duen azterlan sakona aurkeztu zenuten joan den barikuan Barrikan. Zer dela eta abiatu zenuten ikerketa hori?

Guk jakin badakigu leku guztiek izena dutela, eta pena bat da horiek galtzen ari direla ikustea. Gainera, askotan gertatzen da, pertsona bati galdetuta non dagoen leku jakin bat, horrek hori inguru batean kokatzen duela, eta beste bati galdetuta, aldiz, beste batean. Zalantza horien aurrean ere mapa ofizialetara jotzen genuen, eta, horietan ere, askotan, astakeri izugarriak topatzen genituen.

Hori horrela, Gertuko auzokideen elkarteko kide batek, 2014ko bilera batean, udalerriko toponimiaren ikerketa bat egitea proposatu zuen, lekuak behar diren moduan kokatzeko eta izenak ez galtzeko, tokiko ondarea babestu guran. Sei pertsona apuntatu ginen zeregin horretara, eta halaxe hasi ginen, baina, azkenean, lau lagun izan gara ikerketa amaitu dugunak.

Toponimia-ikerketa bat egiteko eskarmentua zenuten, ala zerotik hasi zineten?

Gu toponimiarekin loturarik ez dugun jendea gara, hala nola arkitektoak, ingeniariak eta medikuak, erretiroa hartutakoak gainera. Hartara, ez genekien gauza handirik gaiaren inguruan, baina bai borondatea, eta ikasteari ekin genion.

Handik 10 hilabetera-edo, kalera irteten hasi ginen, fitxak betetzen eta leku-izenak gordetzen. Hala ere, urte erdira, ekimenak bestelako sakontasun bat behar zuela ikusi genuen, eta jende adituarengana jo genuen aholku eske. Euskaltzaindiko Onomastika Saileko Mikel Gorrotxategirekin aritu ginen, eta hark lagundu zigun. Aholku oso orokorrak eta baliotsuak eman zizkigun, eta askotariko mapak eta liburuak jarri zizkigun eskura, baita gai honetan lan handia egin duen Patxi Gale euskaltzain urgazlearekin harremanetan jarri ere. Batez ere bera izan da gure aholkularia bide honetan, lana zuzendu eta zereginetan lagundu diguna.

Behin jakinda nondik jo behar genuen, bigarren faseari ekin genion 2019an, 2022ko amaierara arte iraun duena. Tarte horretan, askotariko informazio piloa batu dugu, eta galdu aurretik hori guztia argitaratu behar genuela erabaki genuen. Hala, liburu bat kaleratu dugu, eta baita webgune bat sortu ere; horiexek dira joan den barikuan aurkeztu genituenak.

Ikerketa-lana amaitu zuten Gertuko lau kideak. © TOPOBARRIKA - GERTUKO

Zaila izan zaizue datuak biltzeko lan hori?

Datuak etxez etxe batu ditugu, elkarrizketa asko eginda, eta baita antzinako udal-aktetatik jasota ere. Artxibo zaharretara ere jo dugu, baita elizen dokumentuetara ere. Gainera, lehen aipatutako adituek jakinarazi ziguten 1983-86 eta 2002-2006 urteen bitartean Euskal Herriko toponimia-mapa bat osatzeko lanean aritu zen Deiker enpresa inguruotan aritu zela eta hori izan zitekeela abiapuntu bat. Eta, halaxe, mapa horretatik 300 toponimo inguru jaso genituen. Hala ere, ikusi genuen hori ez zela guk nahi genuen bezain zehatza; guk Barrikako bazter guztien izenak batu nahi genituen, eta, horrela, guztira, 958 toponimo bildu ditugu.

Behin toponimoak jasota, zer azaldu duzue liburuan eta webgunean?

Hasteko, toponimoaren izena ageri da, Euskaltzaindiaren arauen araberakoa. Ondoren, historian zehar eta hamaika lekutan ageri edo jaso diren izenak aurkezten ditugu, baita ahozko tradizioan erabilitakoak ere. Berbarako, Garramuño baserria dena, inguru batzuetan Garramuñe esaten diote horri, baina dokumentu askotan bestela jaso da, hala nola Garramuñu, Garramunua… Aldaera asko daude.

Jarraian, toponimoaren esanahia azaltzen dugu, baita toponimoa zehazki kokatzeko koordenadak eta itsas-mailaren araberako kota ere. Gainera, lortu ahal izan dugunean, argazkia ere jarri dugu.

© TopoBarrika - Gertuko

Jasotako toponimo guztien artean, baten bat bitxi egin zaizue?

Inguruotan beste lekuetan topatu ez den bat topatu dugu: Txipio, Barrika eta Plentzia artean dagoena. Hitz bat da ez dena beste euskalki zein lekuetan ageri. Zer da, bada, Txipio? Pentsa daiteke padura moduko bati erreferentzia egiten diola, horixe delako toponimo horrek erreferentzia egiten dion lekua. Baina, zein da bere benetako esangura etimologikoa? Ez dakigu, aipatutakoa azaldu genien Euskaltzaindikoei, baina ez zekiten hori hala zen edo ez. Guk Plentziako toponimia bildu zuen Gorka Mayorren liburutik hartu genuen azalpen hori, eta hori jaso dugu.

Bestalde, gaur egun farmazia dagoen lekuari Txintxilandia deitzen zaio, baina, zergatik? Aspaldi txintxillen haztegi bat zegoelako gaur egun urbanizazioa dagoen lekuan.

Argazkiek ere berezi egiten dute egindako lana, ezta?

Bai, Barrika ez da asko handitu urbanistikoki, baina aldaketak izan ditu. Adibidez, Abaroa urbanizazioa dagoen lekuan, lehen baserri zahar bat zegoen, historia handikoa. Bertara joaten ziren Gipuzkoako artzainak haien artaldeekin. Fredi Paiaren Akabuko martxea lanak erakutsi zuen hori, eta lehen baserri bat zegoen lekuan txaletak daude orain. Gazteek ez dute ezagutu leku hura, eta interesgarria da hori ikustea, ezagutzea nolakoa zen lehengo Barrika.

Barrikako leku-izenak liburuaren nondik norakoak aurkeztu zituzten barikuan.

Non topa daiteke argitaratutako liburua?

Gure elkarteak, berez, ez du dirurik eta, horregatik, Barrikako Udalarengana jo genuen edizio hau ateratzeko. Ideia “saldu” genion, auzokideentzako interesgarria zelakoan, eta onartu zuten liburuaren edizio honen eta webgunearen kostuak ordaintzea. Hala, salmentan jarriko den ala auzokideei banatuko zaien ez dago gure esku.

Webguneak liburuak eskaintzen ez dituen beste hainbat ezaugarri ditu, ezta?

Bai, zerbait bizia izatea nahi genuen, parte hartzaileagoa. Edonork igo dezake puntu berriren bat, edo zuzenketa bat proposatu, eta gu geu arduratuko gara horiek baieztatzen. Auzokideen ekarpenak jaso nahi ditugu; liburuan jasota dagoena horixe da, baina, webgunearen bidez, lana handitu nahi dugu.

Tokiko toponimoak biltzeaz gainera, zuen elkarteak, Gertukok, beste hainbat ekimen antolatzen dituzue…

Bai, askotarikoak. Elkarte oso dinamikoa da, gauza asko egiten dituena, hala nola zineforumak, liburu-forumak, eztabaidak eta ingeles ikastaroak. Lantzean behin berbaldiak ere antolatzen ditugu, baita musikazaleentzako audizioak egin ere. Oso bizia da taldea.

Barrikako leku-izenak izeneko webgunera sartzeko: https://toponimia.barrika.eus/eu/

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun