Azaroaren 25aren testuinguruan, zenbait jarduera egingo dituzte Barrikan; azaroaren 24an, barikuan, 18:00etan, zineforuma egingo dute Emakumeen Hitzaren lokalean, Txintxilandia eraikinean. Jay Roachek 2019an zuzendutako Bombshell filma proiektatuko dute, drama eta komedia nahasten dituena.
Azaroaren 25ean, zapatuan, aldiz, elkarretaratzea egingo dute Emakumeen Biribilgunean, 12:30ean, Emakumeen Hitza Elkarteak deituta. Horretan, Udalak ere bat egingo du. “Barrikako emakume guztiak elkarretaratze honetan parte hartzera animatzen ditugu. Une garrantzitsua da gure ahotsak entzun daitezen, eta gure borroka aldarrikatzeko”, esan du Barrikako alkate Itziar Unibasok.
Ohiko topaketa Urdulizen
Urtero bezala, Uribe Kostako emakumeek topaketa egingo dute Urdulizen hilaren 25ean. Topaketa hori Uribe Kostako emakumeen kontseiluak antolatzen du. Jardunaldia 10:00etan hasiko da Inola emakumeen etxean, eta, aurten, “Emakumeak eta politika” gaia jorratuko dute.