Euskararen Eguna domekan ospatzeko egitarauaren gainontzeko ekitaldiak bere horretan mantenduko dira. Hala, egunari hasiera emateko, barrikoztarrek Dantza Plazaz gozatu ahal izango dute Patxi eta Konpainiagaz Elexalde pilotalekuan, 12:00etan. Horregaz batera, indarrak batu gura duenak, edo sinpleki mokadu bat jan gura duenak, hamaiketakoa izango du aukeran.
Arrastian, udaletxeko plazan, 18:00etan, barrikoztar txikienek Tomaxen Abenturak ikuskizunagaz gozatzeko aukera izango dute. Jarduera hori Kulturaldia 2023 programaren barruan dago, eta Barrikako Udalak eta Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu dute ekimena, eskualdean euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko xedez.