Barrikako Goierri auzoa berrurbanizatzeko xehetasunak ezagutarazi ditu Barrikako Udalak

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 18a, 13:12

Laster abiatuko ditu Barrikako Udalak Goierri auzoa berrurbanizatzeko lanak, inguruan oinezkoari "lehentasuna" emateko eta ibilgailuen zirkulazio-abiadura murrizteko asmoz. Proiektuaren xehetasunak eman dizkiete auzokideei eta, Goierri Bizirik auzo-elkarteko kideek HIRUKAri azaldu diotenez, pozik hartu dute egitasmoa, baina deitoratu dute oraindino horrek ez diela erantzuten haien beharrizanei eta ez dutela haien iritzia kontutan hartu: "Ez da prozesu parte-hartzailerik egon".

Urtarrilaren 12an eta 15ean, Barrikako Udalak jendaurrean aurkeztu zuen azken planteamendua, interesdun guztiei obraren xehetasunen berri emateko eta, horren arabera, honako jarduketak nagusituko dira: Goierri kaleko eta ltxasalde Etxetaldea kaleko eremuaren zoladura guztiz berritzea, lehendik dauden espaloiak berritzea eta hobetzea, udal-zerbitzu batzuk egokitzea, hala nola argiak, eta geometria berriaren araberako hustubide berriak jartzea. Bestalde, jarduera-eremuan dauden aireko sareak lurperatzeko asmoa du Udalak.

Zehazki, espaloiak berrituko dituzte, ahal den tarteetan zabalera handituz eta ezinezkoa den tarteetan zabalerak mantenduz. Galtzada osoa ere berritu egingo dute, eta zuhaitzek berdegunerik ez daukaten espaloi zatietan txorkoak jarriko dituzte. Ibilgailuen zirkulazio-abiadura murrizteko, seinaleztapen horizontala jarriko dute, abiadura mugatzeko ikurrakaz, bai eta ibilgailuen eta bizikleten trafiko partekatuaren seinaleak, pasabide goratuak, oinezkoentzako pasabideak, eta abar ere.

Eremuaren berrurbanizazioa oztopatzen duten zuhaitz guztiei dagokienez, horiek birlandatuko dituztela jakinarazi dute udal-arduradunek eta, era berean, argiak altxatuko dituzte obra egiteko, eta obra amaitutakoan berriro jarriko dira.

Saneamenduari dagokionez, hormigoizko kontu berri bat egingo dute, lehenengo tarte osoan urak biltzeko, Goierri Apartamentu Taldea kalearekiko elkargunetik hurbilera arte.

Iberdrolaren sareari dagokionez, Goierri kalean dagoen aireko sarea, ltxasalde Etxetaldea kalean amaitzen dena, kentzea eta espaloian lurperatutako BT sare berria egitea aurreikusi da. Telefonicaren lurpeko sare berri bat ere proiektatu dute Goierri kaleko bigarren tartean, eremu horretan dagoen aireko linea kentzeko.

Azkenik, hiri-altzariei dagokienez, beharrezkoa den lekuetan bankuen, mugarrien eta desnibelak babesteko barandaren unitate berriak jartzea aurreikusita dago proiektuan

"Proposamenarekin, ibilgailu motordunen, bizikleten eta oinezkoen koexistentzia hobetzen da, istripuen arriskua murriztuz eta airearen kalitatea hobetuz, oso abiadura txikian zirkulatuko duten ibilgailu motordunen emisioak murriztuko baitira. Bideen eta espaloien urbanizazioaren ezaugarriak indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzeko eraberrituko da bidea, oztopo arkitektonikoak kenduz eta irisgarritasun unibertsala sustatuz", adierazi du Barrikako alkate Itziar Unibasok.

"Parte-hartzerik ez"

Goierri auzoan, hainbat herritar batzen dituen Goierri Bizirik elkartea dago, eta horren kide da Idoia Marcellan. Proiektuari dagokionez, honek adierazi du pozik daudela "behingoagatik" Udalak auzoa hobetzeko proiektua proposatuko duelako eta behar batzuei erantzuten dielako. Hala ere, kexu da Udalaren araberako arazoak konpontzeko egitasmoa dela, eta ez dituztela kontutan hartu benetan auzokideen iritziak: "Udalak erabaki du zer egin, nola eta noiz, gurekin harremanetan jarri barik".

Ildo horretan, deitoratu du Udalak ez duela prozesu parte-hartzailerik egin proiektua osatzerakoan, eta soilik auzokide batzuen iritziak batu zituela, "baina, auzoan bertan auzo-elkarte bat egonda, gurekin ere harremanetan jar zitekeen Udala.

Dena dela, proiektuari dagokionez, Marcellanek salatu du ingurua hobetuko bada ere auzoak isolatuta jarraituko duela, "besteak beste, bidegorria egingo dute, baina kalea zeharkatuko eta inora helduko ez dena".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun