Nola hasi zinen obra hauek egiten?
Guggenheimenen ondoko armiarma egin zutenean hasi nintzen horrelako eskulturak egiten, duela 10 urte inguru. Diru asko gastatu zuten hori sortzeko, eta nire estiloa, ordea, oso antikontsumista da. Beraz, zakarrontzira botatako hesi batetik bola handi bat hartu nuen, eta armiarma erraldoi bat egin nuen. Hori nire etxe ondoko zelaian jarri nuen, jende guztiak ikusteko. Gero, pandemian, Barrikako basoko eskultura hauek egin nituen. Hala, jendea harritu gura nuen hemendik paseatzera etortzean.
Hauen aurretik horrelakorik egin duzu?
Nahiz eta orain Barrikan bizi, nire aita hemengoa delako, ni Lutxana-Erandion bizi izan naiz urte asko. Bertan, 4-5 lagunek Keli Taldea sortu genuen eta auzorako gauzak doan eraikitzen hasi ginen: andre baten esekitokia konpondu, txikienentzako jaiak prestatu, dirurik gabeko jaialdi alternatibo bat egin... Erandioko Udalak utzi zigun eskola batean gauza artistikoak egiten hasi ginen. Eta hor hasi zen guztia.
Metroa egiteko obra osoa hasi zutenean, zementuzko zelaigune bat utzi eta Enekurin hondakindegi handi bat muntatu ziguten. Orduan, aurkitzen genuen baldosakaz mosaikoak egiten hasi ginen zelaigune hori estaltzeko. Soldadura ikasi nuenez, farolak egiten ere hasi nintzen. Kale-argi batzuei lotu nizkien adar-besoak eta guztia mosaikoz apaindu nuen. Momentu horretan hasi nintzen gune publikoetan nire obrak jartzen.
Zure lanengatik ordaintzen dizute?
Ez dut inoiz ezer kobratu. Egin ditudan gauza guztiak leku ezberdinetan jarri ditut, doan. Desagertzen badira, bada desagertu dira. Halere, kosta egiten zait nire gauzei prezio bat jartzea. Badakit jendeak ez duela artisautza baloratzen. Adibidez, Athleticen ezkutu bat egin nuen eta prezioa jende askok galdetu zidan. 38 orduko lana izan zela kontuan hartuta, 300 euro eskatu nituen. Astakeria iruditu zitzaien.
"Kosta egiten zait nire gauzei prezio bat jartzea. Badakit jendeak ez duela artisautza baloratzen"
Lan lerro bat jarraitzen dute zure lanek?
Dena egiten dut itsasotik jasotzen dudan zaborragaz. Askotan, zerbait edukitzaile baten ondoan ikusten dut eta inspirazioa datorkit. 200.000 mila proiektu ditut buruan egiteke, eta biltegian gordetzen ditut materialak. Baina, normalean, argi ikusten dut zer egingo dudan materiala hartzen dudanean. Sortzaile banago, hau boladaka doalako, egiten hasten naiz, eta bestela, etorkizunerako gordetzen dut.
Zergatik erabaki duzu dena zaborragaz sortzea?
Lehen esan bezala, antikontsumista naiz. Iruditzen zait bizi garen sistema jasangaitza dela: beti erosten eta erosten, botatzen eta botatzen... Zaborretan balioa duten gauza asko ikusten ditut. Askotan, ez konpontzeagatik edo pintura-geruza bat eman gura ez izateagatik botatzen dute. Zaborra nonahi aurkitzen duzu gaur egun: itsasoan, mendian... Nire ustez, gehiegizko kontsumoa da arrazoia. Beti arropa zaharrakaz joaten naiz, bost anaietatik laugarrena naizelako eta beti jantzi zaharrak heredatu ditudalako. Arropa berriagaz mozorrotuta sentitzen naiz.
Barrikako hondartzan biltzen duzu batez ere zaborra.
Bai, hori da. Txikitan bertara joaten nintzen aitagaz. "Ni olagarroak ehizatzera joango naiz, bi ordu barru etorriko naiz!", esaten zidan ni bertan aske utzi aurretik. 6 urtegaz bertako putzuetan entretenitzen nintzen, eta gero, haitzen artean aurkitzen nuen zabor guztiagaz txabola txikiak edota itsasontzi modukoak egiten nituen. Birziklapenaren kontua hortik dator. Ni hazi nintzen ikusten nola nire aitak konpontzen zuen mazoa, aulki bat, eskuarea... Bost anaietatik beti izan naiz aitaren konponketa teknikaz gehien gogoratzen dena. Autodidakta naiz, baina beti gustatu izan zait.
Gune publikoetan jartzen dituzun obrek asko irauten dute?
Batzuk bai. Normalean horma baten gainean pieza txiki bat jartzen dut, zuhaitz baten gainean beste bat, Barrikako egurrezko telefono zutoinetan pila bat daude... horiek, adibidez, asko iraun dute. Baina Plentzian jarri ditudan obrak, esaterako, desagertuz joan dira. Plentziako zubian jartzen ditudanean udan, astebete edota egun bat iraun dezake. Baina nire etxe ondoko basoko obra denak errespetatu dira, eta pandemiaren ondoren jende asko etorri da.
Gainera, antzerkirako atrezzo gisa erabili dituzu zure sorkuntzak.
Bai, 20 urte daramatzat Hortzmuga kaleko antzerki konpainian eta eszenografia egiten diet askotan. Gainera, orain aktore gisa lan egiten nabil, Agurea, urpekaria eta itsasoa izeneko obran, eta bertako eszenografia guztia Barrikako hondartzako zaborragaz eginda dago. Nire kideari bururatu zitzaion nire bizitzan oinarritutako istorio bat egitea, baina fikzio ukituagaz, izan ere, ni antzezlanean gizon zahar baten papera egiten dut.
"Orain aktore gisa lan egiten nabil, eta obra horretan eszenografia guztia Barrikako hondartzako zaborragaz eginda dago"
Nolakoa da zure obrak bizirik ikustea oholtza gainean?
Oso motibagarria da, nire lanak ikusgarritasuna duelako eta hainbat herri eta hiritara eramaten ari garelako. Ikusleak oso harrituta geratzen dira, izan ere, lanaren amaieran azaltzen dugu istorioa nigan oinarrituta dagoela eta atrezzoa nik sortu dudala. Jendeak gauza asko galdetzen dizkit. Gero, antzezten dugun leku bakoitzerako pieza txiki bat egiten dut, eta ikuskizuna baino lehen, ezkutuan dagoen plazako lekuren batean jartzen dut. Amaieran esaten dugu nire pieza bat nonbaiten dagoela eta orduan haurrak horren bila hasten dira.
Bazara soldatzailea, aktorea, artista...
Bai. Ikasi nuen soldadura, arotzeria, ebanisteria, lorezaintza... eta aktore eta artista naiz. Halere, kostatu zait nire burua artistatzat hartzea, askotan pentsatzen baitut: "Baina zaborragaz eginda dago!".
Niretzat dena da egiten hastea. Umeei beti esaten diet epaitu gabe sortzen hasteko, beti ateratzen delako zerbait. Ondo dagoen ala ez erabaki behar duena zu zeu zara. Umeakaz tailerrak egiteko esaten didatenean, nik beti esaten diet mahai bat jartzeko eta ezer ez esateko. Jarraibideak ematean euren irudimena baldintzatzen ari zara. Izan ere, batzuetan ikusten ditut haurrek egiten dituzten gauzak eta galdetzen diet ea kopiatu ditzakedan, iruditzen baitzait nik beti izan ditudan materialakaz egiten dituztela oso gauza politak, niri inoiz bururatu ez zaizkidanak.
"Umeei beti esaten diet epaitu gabe sortzen hasteko, beti ateratzeko delako zerbait. Ondo dagoen ala ez erabaki behar duena zu zeu zara"
Bestelako proiekturik duzu esku artean?
Orain erakusketak egiten hasi naiz. Lehenengoa, Arrigorriagan izan dut duela gutxi, eta laster, beste bat izango dut Barakaldon. Instagramen @landakotxo bezala nago, beraz, bertan aurki nazakezue. Pareidolia dut, hau da, aurpegiak ikusten ditut nonahi, beraz, sortzen jarraitzeko asmoa dut!