Barrikako Udalak bere gardentasunari begirako pauso bat aurrera egitea adostu du. Izan ere, atzo, eguaztenean, EH Bilduk ildo horretan aurkeztutako mozioa onartu zuen Udalbatzak, gehiengo osoz. Hala, osoko bileren aktak udal-webgunean argitaratzeko konpromisoa hartu du, baita kontratu txikiak, gutxienez, hiru hilabetean behin kontratatzailearen profilean argitaratzeko ere. Daborduko 2023ko aktak ikusgai daude.
Barrikako EH Bildu taldeak deitoratu zuenez, tokiko gobernu-taldeak ez zituen ez osoko bileren aktak ez kontratu txikiak publiko egiten udal-webgunean. Lehenengo kasuari dagokionez, aste honetara arte, azkenengo akta 2022ko maiatzaren 11ko plenoarena zen, eta, orain, 2023ko azaroaren 15koa.
Kontratu txikiei dagokienez, gogoratu zuen Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 63.4 artikuluak esaten duela kontratu txikien inguruko informazioa gutxienez hiru hilabetean behin argitaratu behar dela.
EH Bilduk aurkeztutako mozioa atzoko osoko bilkuran eztabaidatu zen, eta aho batez onartu zuten; udal-iturriek HIRUKAri jakinarazi diotenez, kontratu txikiak igotzen joan dira, gutxienez, azken hiru hilabetekoak; Udalbatzaren aktei dagokienez, "asmoa" da aurrera begira horiek ere publiko egitea, eta hala adostu zuten atzo.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.