Mila korrikalaritik gora arituko dira domekan Barrika Pirata Trailean

Erredakzioa 2025ko mai. 3a, 08:42

Barrika Pirata Trail lasterketaren hirugarren edizioa egingo dute domekan, Uribe Kostako kostaldearen zati bat zeharkatzen duen ekitaldia. Lasterkariek 13.220 metro gainditu beharko dituzte, korrika edo oinez, 09:30etik aurrera.

Probak Muriola, Barrika eta Meñakotz hondartzak zeharkatuko ditu. Ondoren, Txipion sartu, Butroeko itsasadarra inguratu eta Barrikako udaletxera itzuliko da.

Antolatzaileek "zailtasun ertaineko" ibilbidetzat jo dute, gehienez 130 metroko altuera eta 277 metroko desnibel negatiboa eta positiboa duena.

Proba 09:30ean hasiko da, proba korrika egingo duten parte-hartzaileen irteeragaz, eta, hamar minutu geroago, oinez egingo dutenen txanda izango da. Izen-emateak www.rockthesport.com eta www.uno.es plataformen bidez egin daitezke oraindino.

Parte-hartzaile guztiek, elastiko oroigarriaz gain, oparien zozketa batean ere parte hartuko dute.

Aurreko edizioan 1.200 parte-hartzaile izan ziren, lehia-maila garrantzitsua mantendu zuen eta hamar korrikalarik ibilbidea ordubetean baino gutxiagoan egitea lortu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun