Uribe Kostako jaiak 2025

Barrikako jai-batzordea: "Herriko eragileen ekarpenak txertatzen saiatu gara"

Iker Rincon Moreno 2025ko eka. 6a, 12:07

Ekainaren 23an, astelehenean, isiotuko dute sua San Juan egunaren bezperan.

Udako solsztizioagaz bat eginez, eguzkiari indarra emateko sua piztu eta sugarren inguruan dantzan ospatu ohi dira sanjuanak. Aurten astelehenean izango da zita, baina horrek ez du ospakizunak behar bezala egitea eragotziko. Hala adierazi dute Barrikako jai batzordeko kideek, jaiei hasiera emateko guztia prest baitute. Ekitaldi gehienak udaletxeko plazan izango dira.

Udari ondo-etorria egiteko atzera-kontaketa martxan da; zelan doaz aurtengo jaien antolaketa-lanak?

Azken orduko detaileak ixten gabiltza, eta gure asmoa ahalik eta lasterren San Juan jaietako programazioaren berri ematea da. Beti bezala, herriko askotariko eragileen ekarpenak txertatzen saiatu gara, egitarau euskalduna, parte-hartzailea eta inklusiboa eskaintzeko asmoarekin.

Zer nabarmenduko zenukete aurtengo jaien egitarauaz?

Hurbileko eragile soziokulturalekin lan egiteko prozedura bermatu nahi dugu, horregatik, gure egitaraura tokiko eta Uribe Kosta eskualdeko konpainia, artistak, musikariak eta elkarteak ekarri ditugu. Era berean, jaiak guztiok parte hartzeko eremuak izan behar dutelakoan, adin-tarte guztiei zuzenduriko eta aniztasuna jarraibide duten ekintzak bilatu ditugu. Nagusi, heldu, gazte zein familiek giro hurbil eta seguruan gozatzeko aukera paregabea dira Barrikako sanjuanak.

Berritasunik dakarzue?

Aurten, egunean zehar musikaz gozatzeko aukera izango dugu, larunbat eguerdian kontzertu akustikoa izango dugu-eta. Umore Azokan estreinatu berri den dantza-ikuskizuna izango da ere San Juan sua girotzeko, Meñakoz taldearen eskutik. Azkenik, larunbateko gauean, ekainak 21, Fito & Fitipaldis banda ezagunaren zaleek musika-taldearen tributua izango dute gurean.

San Juan gaua izan ohi da egun handia; zelakoa aurreikusten duzue?

Astelehena da aurten, lan eguna herritar askorentzat. Horrek, jaietako programazioa arratsaldez soilik egitea baldintzatu du. Hala ere, 18:30ean jaiari hasiera emango diogu Arima familia disko-festarekin, ondoren, ohiko txokolate-jana herrikoia eta Tai Ji erakustaldia izango dira, baita Ttakunerre herriko elkartearen ikuskizuna ere. Azkenik, San Juan sua girotzeko, lehen esan bezala, Meñakoz dantza taldearen Suak su ikuskizunak sorginduko gaitu.

Zer esango zeniekete herritarrei jaietara hurbiltzeko?

Egun hauetan jai-giroaz gozatzera animatzen ditugu, ez dago aitzakiarik. Jaiak alaitasunean, harmonian eta bizikidetzan bizi nahi ditugu, pertsonekiko eta ingurune naturalarekiko errespetuz jokatuz eta indarkeria matxistarik gabe. Eta hori horrela izateko, guztion laguntza behar dugu. Zatoz! 

Egitaraua

Ekainak 20, barikua
  • 18:30 Kalejira eta txalaparta, Goierri Bizirik eta Ttakunerre elkarteen eskutik.
  • 19:00 Txupinazoa eta pregoiaren irakurketa, Gertuko elkartearen eskutik.
  • 19:30 Ttipika Dantza gidatuak.
  • 20:00 Sardina-jana eta sagardo festa.
  • 21:00 Kontzertua: Moskor Alaiak.
  • 23:00 Kontzertua: Urban Tones.
Ekainak 21, zapatua
  • 10:00–15:00 Sukalki Txapelketa. Izen-emateak 11:30ean, Udaletxeko plazan.
  • 12:00 Haurrentzako puzgarriak.
  • 13:00 Kontzertua: Er Duende & Tonians eta Urbi Selektah.
  • 16:30 Mus Txapelketa, Nagusien etxean.
  • 17:30 Sukalkien sari-banaketa.
  • 18:00 Familia-ikuskizuna: Matraka Culinary (Trakamatraka).
  • 19:30 Disko festa: Esna Gazte.
  • 22:00 Kontzertua: Fito & Fitipaldis tributu-banda (Wilson & Wilsonetis).
  • 23:30 Erromeria: Sastraka.
Ekainak 22, domeka
  • 10:00 Nekazaritza eta Artisautza Azoka.
  • 12:00 Haurrentzako puzgarriak.
  • 12:00 Igel toka Txapelketa, Jubibarrikaren eskutik.
  • 12:00 Euskal dantzak, Emakumeen Hitza elkartearen eskutik.
  • 12:30 Trikipoteoa: Zuzterrak.
  • 18:00 Zirku-ikuskizuna: Bidaibizitzen (Zirkun Zirko).
  • 19:00 Dantza plaza: Patxi Perez konpainia.
  • 19:00 Saiheski-jana.
Ekainak 23, astelehena
  • 19:00 Familia-diskofesta: Arima.
  • 21:30 Txokolate jana, Gure ixerdia elkartearen eskutik.
  • 21:30 Tai Xi erakustaldia.
  • 22:00 Txalaparta ikuskizuna, Ttakurrene elkartearen eskutik.
  • 22:30 San Juan gaua ikuskizuna: Gerora (Meñakoz dantza taldea).
Ekainak 24, martitzena
  • 11:00 Meza nagusia.
  • 12:00 Agurra: Emakumeen Hitza dantza taldearen eskutik.
  • 12:00 Kontzertu korala: Aita Gotzon (Barrika) eta Lagun artea (Sopela).
  • 14:30 Herri-bazkaria. Izena emateko epea: ekainaren 17ra arte, udal-liburutegian, astelehenetik eguenera, 17:00-20:00 eta barikuetan, 10:00-13:00.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun