Zabaletxe aztarnategia Paleolito garaiko Euskal Herriko gune garrantzitsuenetako bat bihurtzen ari da

Estibaliz Maguregi · Iker Rincon Moreno 2025ko uzt. 7a, 10:13

Meñakotz hondartzatik hur, Barrikako Zabaletxe inguruan, azken urteotan egiten ari diren indusketek Euskal Herriko arkeologia-mapan leku berezia irabazi dute. Alvaro Arrizabalaga EHUko Historiaurreko irakaslearen arabera, Châtelperron aldiko aztarnategiak aurreikuspen "guztiak" gainditu ditu, eta Paleolito garaiko aire zabaleko aztarnategi nagusietako bat bihurtzen ari da. Aurtengoa inguruan lanean aritu diren laugarren aldia izan da.

EHUk eta tokiko Edestiaurre Arkeologia Elkarteak 2022an hasi zituzten lehen miaketa lanak egiten Meñakotz aldeko aztarnategi horretan, inguruan Chatelperron aldiko maila arkeologiko bat egon zitekeelakoan. Laugarren indusketa kanpaina egin dute egunotan, eta bertan aurkitutako aztarnek berebiziko interesa piztu dute adituen artean. "Aurreikusitako guztiak gainditu ditugu hemen ekinaldi batetik bestera", azpimarratu du Arrizabalagak.

Châtelperron aldia erdi eta goi Paleolitoaren arteko garaiari dagokio, eta oraindino adituak ez dira gai esateko zeintzuk ziren garai hartako aztarnen egileak: Neandertalak, gure espezieko gizakiak edo biak tartekatuta, "ez dago guztiz argi". Hala ere, iragarri du Barrikako aztarnategi honetan aurkitutako kalitate handiko suharrizko objektuek aukera paregabea ematen dutela garai hartako bizimodua hobeto ezagutzeko.

Arrizabalagak azaldu duenez, “jendea honaino hurbiltzen zen suharriaz hornitzeko; bertan lanketa egiten zuten, eta objektuak uzten zituzten, euren ustez erabilgarriak ez zirenak”. Horrela, aztarnategian deskartatutako milaka objektu topatu dituzte, "eurentzako gaizki atera zena". Besteak beste, Châtelperron puntak deitzen direnak nabarmendu dira.

Orain arte, suharrizko ia 14.000 pieza desberdin dokumentatu dituzte, eta azken kanpainan guztiz berria den maila batera iritsi dira, teknologia desberdina erakusten duena.

Gainera, aztarnategiak aukera eman du garai hartako aldaketa klimatikoak aztertzeko. Izan ere, Arrizabalagaren hitzetan, “ikusiko ditugu garai hartako ziklo batzuk egungoa baino askoz hotzagoak izan zirela, eta beste batzuk egungoaren parekoak”. Horrek, ikertzaileen ustez, ezinbesteko informazioa emango du historia klimatikoaz sakonago hitz egiteko. 

“Iraganeko aldaketak nolakoak izan ziren, zein intentsitate izan zuten eta zenbat urtetan gertatu ziren ulertzea funtsezkoa da gaur egungo aldaketa klimatikoaren testuingurua hobeto ulertzeko”, ondorioztatu du historialariak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun