Mendietako bidea hobetzeko lanak abiatu ditu Barrikako Udalak

Ander Zarraga 2025ko uzt. 24a, 14:17

Mendieta errepideko lanak abuztuan zehar egingo dituzte. © BARRIKAKO UDALA

Goierri auzoa eta Sopela lotzen dituen auzo-bidea berrasfaltatzeko eta seinaleztatzeko lanak abiatu ditu Barrikako Udalak. Obra horiek abuztuan zehar egingo dituztela iragarri dute, eta, bitartean, errepide hori ahalik eta gutxien erabiltzeko eskatu diete auzokideei.

Obrak egin bitartean, errepide horren ohiko erabiltzaileei, Mendieta auzoan bizi direnek izan ezik, hori ez erabiltzea gomendatu die Barrikako Udalak. Hala, lanak gutxiago etengo dituztela argudiatu dute, "eta azkarrago egingo da aurrera errepidea hobetzeko lanetan". Horren ordez, Barrika eta Sopela arteko joan-etorriak BI-3114 foru-bidetik lehenesteko eskatu dute.

Lanon bitartez, Mendieta auzoko errepideetako galtzada konpontzeko, seinaleztatzeko eta zirkulazioa lasaitzeko lanak egingo dituztela iragarri dute, "oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emateko".

Udalak zehaztu du 98.000 euroko inbertsioa izango duen esku-hartzeari esker asfalto berria jarri eta espaloiak markatuko dituztela, "ahal den lekuetan trazadura seinaleztatuz eta zabalduz". Bizkaiko Foru Aldundiak 26.000 euroko dirulaguntza eman du obra egiteko, eta horrek obraren kostuaren % 25 estaliko du. Era berean, adierazi dute lan horiek 2024an Goierri auzoa Sopelaraino berrantolatzeko egin zen obraren jarraipena izango dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun