Aurreko urteetan bezala, eguerdiko 12:30ean, kontzentrazioa egingo dute Emakumeen biribilgunean, eta manifestua irakurriko dute. Barrikako Udaletik, Itziar Unibaso alkateak adierazi duenez, “gure gaitzespenik irmoena adierazten dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean; baita beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa ere, indarkeria hori desagerrarazteko”.
Arrastian, 17:30ean, Udalak, Barrikako Emakumeen Hitzagaz batera, El consentimiento filma proiektatuko dute, elkartearen lokaletan. Emanaldiaren ostean, solasaldia egingo dute, kafea eta pastakaz. Azaldu dutenez, 1985eko Parisen kokatutako film horretan, Vanessak 13 urte ditu Gabriel Matzneff ezagutu zuenean, oso idazle azkarra eta manipulatzailea. 49 urteko idazle ospetsuak neska gaztea seduzitzen du, eta kulturaren eta politikaren munduan ezaguna den gizon horren maitale eta musa bihurtzen da. Harremanean gehiago sakontzean, gero eta bortizkiago jasaten du berarengan eragiten duen nagusitasun suntsitzailea. Vanessak orain bidaia luzea du bere eraginetik askatu eta bere sufrimendutik sendatzeko.