Badago egitarauan gehiago nabarmenduko zenuketen zerbait?
Barrikan, normalean, familia giroko ekintzak sustatzen ditugu, denok gozatzeko modukoak, baina egia da aurten oso karteldegi ona daukagula; gauean, jende gehiago animatzea gustatuko litzaiguke musikaz gozatzeko. Baina badakigu zaila dela bertaratzea, 22:00etatik aurrera garraio publikorik ez dagoelako; hala ere, Uribe Kostako jendea Barrikara etortzera animatzen dugu: ostiralean, Gazte Gaua ospatzeko, eta larunbatean erromeria eta Rise To Fall taldearen kontzertuaz gozatzeko.
Orain arte, zein izan da jai-batzordean bizi duzuen momenturik kaotikoena?
Galdera zaila da hori, 16 urte inguru pasa dira jai-batzordea sortu zenetik eta hainbat buruhauste izan ditugu. Arazo gehienak argindarraren inguruan izan dira, baina euriak ere momentu kaotiko asko eragin ditu. Normalean, urtero gauza berriren bat gertatzen zaigu; ia ohituta gaude denetatik ateratzeko. Aurretiko prestaketetan ere une biziak egoten dira, gauza asko koordinatu behar baitira dena ondo sartzeko eta koadratzeko. Jai-batzordean ez gara asko, beraz, eskerrak beti dagoen jendea laguntzeko prest.
Zein da antolaketa-lan handiagoa ematen duen ekintza?
Ekintza desberdinak aukeratu ditzakegu, bakoitzak bere planifikazioa baitu. Baina gaueko kontzertuek, adibidez, egun osoko plangintzan eragina dute. Soinu-frogak egin behar dira eta Barrikako udaletxeko plazan ekintza guztiak egiten direnez, denbora oso kontrolatuta izan behar dugu; muntaia, soinu frogak eta dauden ekitaldiak ez gainjartzeko. San Juan gauak ere antolaketa-lan handia dakar, barrikoztarrentzako oso garrantzitsua den eguna baita. Jende asko hurbiltzen da Barrikara ekitaldia eta su-pizketa ikustera. San Juan gauaz udaletxeko langileak arduratzen dira, baina beraiekin koordinatzea garrantzitsua da, dena ondo atera dadin.
"Badakigu zaila dela bertaratzea, 22:00etatik aurrera garraio publikorik ez dagoelako, baina, hala ere, Uribe Kostako jendea Barrikara etortzera animatzen dugu: ostiralean, Gazte Gaua, eta, larunbatean, Erromeria eta Rise To Fall taldearen kontzertuaz gozatzeko"
Zerk motibatzen zaituzte hainbeste ordu sartzera?
Jai-batzordea zazpi pertsonek osatzen dute. Batzuetan zalantzak sortzen zaizkigu jai-batzordearen jarraipenarekin, ekainaren 24an agortuta bukatzen baitugu. Normalean, txosna desmuntatu eta aseta amaitzen dugu. Baina jaien balantzea egiten dugunean, nekea ahaztu egiten zaigu pixka bat. Jaiak dira urtero hitzordura joaten diren barrikoztarren belaunaldi desberdinen bilgunea. Askok urtean behin bakarrik ikusten dugu elkar; beraz, esan dezakegu jendea berriz elkartzeak eta gozatzen ikusteak, eta urtez-urte batzordeak ere hor jarraitzen duela jakiteak mugiarazten gaituela.
Jaiek herria elkartzen dute beraz?
Bai, noski. Normalean, Barrikako jaiak belaunaldi desberdinen bilgunea izaten dira. Ostiralean, normalean, sagardo- eta sardina-jana egunean, barrikoztar asko elkartzen gara urtez urte jaiei hasiera emateko, baina baita gure artean elkar ikusteko ere. Batzuetan, urte askotan ikusi ez duzun jendearekin egiten duzu topo, eta, egia esan, ilusioa egiten du.
Zure ustez jendeak nahiko baloratzen du egiten duzuen lana?
Beno, zaila da mundu guztiari atsegin ematea eta egiten dugun lana baloratzea. Normalean negatiboa dena esateko joera izaten dugu, eta ez positiboa ikusten duguna, ezta jarduera bakoitzaren atzean dagoen lana ere. Eta ez bakarrik jaien jardueren antolaketari dagokionez, baizik eta jaien aurreko lau hilabeteetan. Zaila da lana, familia eta jaien prestaketa uztartzea; baina, tira, ahalik eta hobekien egiten saiatzen gara. Espero dugu jai hauek, aurrekoak bezala, oso parte hartzaileak izatea, gozatzea eta barrikoztarrentzat gustukoak izatea. Jaiak, azkenean, gozatzeko dira.