Sutea Berangon eta Sopelan

Berangoko sutea “nahita” eragin zutela uste du Ertzaintzak

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 13a, 16:30

Berangoko sutea, Sustatxa aldean. © BIZKAIKO SUHILTZAILEAK

Iragan abenduaren 27an Berangon isiotu eta 200 hektarea inguru kiskali zituen sutea ikertzen dabil Ertzaintza, "nahita eragindakoa" izan zela susmatzen baitu; hala azaldu du Elena Unzueta Bizkaiko Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak. Izan ere, teknikariek baztertu egin dute jatorria naturala (tximistaren bat) edo norbaiten utzikeriaren ondorioa izatea. Halaber, kiskalitako ia eremu guztia jabetza pribatukoa dela jakinarazi du Unzuetak.

Horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak martxoan eta apirilean baso-suteen prebentziorako jarduerak egiteko laguntza-deialdi bat egitea aurreikusi duela iragarri du Unzuetak.

Laguntzen hartzaileak baso-ugazaba pribatuak, baso-jabeen elkarteak eta udalak izango dira; helburua hainbat jarduera-mota egitea izango da, berbarako: baso-suteen defentsa eta prebentziorako azpiegiturak jartzea, ur-hornidurarako puntuak jartzea, biltegiak eraikitzea, suaren kontrako elementuak sortu, mantendu eta gehiago jartzea eta basoko pisten sarea sortu eta mantentzea.

Laguntza horiek baso arlorako pakete zabalago baten barruan daude eta laguntzen azken zenbatekoa deialdian ezarritako epean aurkeztu eta onetsitako eskabideen araberakoa izango da, hala azaldu baitu Elena Unzuetak.

Era berean, Unzuetak azpimarratu du nolako garrantzia duten suteen prebentziorako jarduerek eta adierazi du aurten eta datorren urtean gauzatu ahal izango direla onesten diren proiektuak. Haren esanetan, prebentzioa indartzea da Aldundiaren asmoa. Izan ere, Iraunkortasuna eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, prebentzioan inbertituta garatzen diren politikek "aldea markatzen dute eta modurik onena dira suteen aurkako borrokan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun