Txirringa hartu, eta Europa alderik alde zeharkatuko duzu hurrengo hiru hilabetean. Zer dela eta?
Europan zehar bidaiatzeko deialdi bat atera zuen Donostia 2016k, hainbat alorri lotuta. Nire kasuan, sukaldaritzari lotuta egon behar zuen, baina nik sukaldaritzaz oinarrizkoa dakit bakarrik. Proiektua egiteko gogoak nituen; orduan, nire izeko Mertxez oroitu nintzen. Bera da, Euskal Herriko etxe askotan bezalaxe, betiko sukaldaritza egiten duena, kalitatezkoa... Orduan, horrekin lotu gura izan nuen.
Laster ekingo diozu abenturari...
Bai, ekainaren 20an hasiko dut abentura Atenasen, eta Greziatik zehar ibiliko naiz uztailaren hasierara arte. Ondoren, Italia ia puntarik punta egingo dut, gero ferry bat hartu, Sardiniara, Frantziako kostaldea zeharkatu eta Kataluniara joango naiz. Azkenik Aragoi eta Nafarroa zeharkatu, eta irailaren 18an Donostiara heldu behar dut. Guztira, 3.300 kilometro egingo ditut, den-dena txirringaz.
Bidaian zehar, zein izango da zure eginbeharra?
Nire helburua betiko sukaldaritzaren adierazleak diren emakume nagusiak topatzea izango da. Izan ere, Europan ere, gurean gertatzen dena jazotzen da kanpoan ere: meritu guztiak gizonezkoak jasotzen dituzte, baina gure etxeetan beti egon ohi da emakume bat kalitate handiko sukaldaritza egiten duena, baina horiei ez zaie inolako errekonozimendurik egiten. Hori dela-eta, balioan jarri nahi dut nik. Horretarako, Europan zehar emakume horiek topatu, euren sukalderaino sartu, euren errezetak landu, jaso eta eurek emandako osagaiak biltzen jango naiz, eta bueltatzen naizenean nire izeko Mertxek horiekin guztiekin menu bat egingo du. Hori dela-eta, proiektuak «Izeko Mertxeren osagaien bila» du izena.
Zein zailtasun aurreikusten dituzu abenturan?
Alde batetik, egunero mugituko naizenez, herrietara berandu helduko naiz. Horrek zailtasunak eragingo dizkit, norbaitek bere etxeko ateak zabaldu, hura ezagutu eta bere errezeta jaso behar ditudalako... hori erronka bat izango da. Bestetik, bizikidetza. Nirekin batera, beste bi lagun etorriko dira; logistikaz arduratuko dira. Ez dugu elkar ezagutzen, eta hori beste erronka bat izango da, egun gogorrak egongo direlako, tentsioak, nekea... hori guztia kudeatzea inportantea izango da.
Eta hizkuntza aldetik, zelan moldatuko zara herrialde horietan guztietan?
Emakume zaharrak topatu behar ditudala kontuan hartuta, gehienetan horiek ez dute ingelesa jakingo. Beraz, bitartekariakaz, sentsazioen bidez, eta gorputz-hizkuntzagaz moldatu beharko naiz... Keinuen bidez asko transmiti daiteke.
Zer deritzo zure izekok horri guztiorri?
Kezkatuta dago, alde batetik bizikletaz noalako, eta hori arriskutsua delako, eta, bestetik, ez dudalako bere janaria jango, kar, kar. Alde horretatik kezkatuta dago, baina nik uste dut ilusioa egiten diola.