Bilbaok agertu zuenez, "uste dut Beatriz Etxebarriaren kasuan oinarritu direla bakarrik, eta ez jurisprudentzia osoan". Izan ere, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen 2014an, Etxebarriaren tortura salaketa nahikoa ez ikertzeagatik. Lorea Bilbaoren ustez, Auzitegi Gorenak Sanchez, Etxebarria eta Zapirainen auziaz emandako epaiak "bidea zabaltzeko balio behar du, oinarri gisa torturapean lortutako deklarazioak izan dituzten zigorren baliogabetasuna eskatzeko".
Era berean, Espainiako Demokraziarako Epaileak elkarteak txalotu egin du Gorenaren erabakia "giza eskubideen defentsa aktiborako kultura sustatzen duela" argudiatuta. Auzitegi Gorenaren "ausardia eta zorroztasuna" azpimarratu ditu elkarte horrek, giza eskubideen defentsa irmoa egin duela esanaz. Azkenik, Demokraziarako Epaileak elkarteak hedabideek Sanchez, Etxebarria eta Zapirainen kasua isildu izana salatu du. Komunikabideetan "eskandaluzko isiltasuna" egon dela kasu hau ezkutatzeko esan du elkarte horrek, eta "Barne Ministerioa eta hainbat sektore atzerakoi" jo ditu erantzule.
Torturak, iaz
Atzo TATek Gasteizen egindako agerraldian, Espainiako Estatuko Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundeak (TPSK) 2015. urteko torturari buruzko txostenaren berri ere eman zuten. Nabarmendu zutenez, "Tortura estatu espainiarrean: 2015eko txostena" dokumentuan ustez funtzionario publikoek Hego Euskal Herrian egindako 9 tortura kasu zenbatu zituzten iaz, 54 pertsona kaltetu zituztenak. Bost kasu, 48 laguni eragin zietenak EAEn jaso ziren eta beste lauak, 6 kaltetugaz, Nafarroako erkidegoan. Dena den, azken urtean ez da inkomunikazio egoeran atxilotutako pertsonen salaketarik izan; izan ere, azken lau urtetan ez ei da inkomunikatutako atxiloketarik izan, gutxienez EAEn. Dena den, 2014ko datuakaz alderatzekotan, emaitzak gorabeheratsuak dira: alde batetik tortura egoerak apur bat jaitsi dira, 10etik 9ra; baina, beste aldetik, kaltetutako pertsonen kopurua ia laukoiztu egin da, 14tik 54ra pasatu baita.
Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundeak egindako txostenak, ustez, polizia-etxeetan, kartzeletan, kuarteletan eta bestelako atxiloketa zentroetan edota poliziak manifestazioetan edota beste toki batzuetan egindako esku hartzeetan izandako tortura, tratu txar eta heriotza kasuak zenbatzen ditu.
Lorea Bilbao TPSK-ko bozeramaileak adierazi zuenez Estatu espainolean 232 lagunek tortura, tratu txar edota bestelako erasoen biktima izan zirela salatu zuten 2015ean; aurreko urtean 961 kasu zenbatu zituzten, baina Bilbaoren esanetan, ez dituzte kasu guztiak zenbatu; kasu batzuetan kaltetuek zerrenda horretatik ateratzea eskatu dutelako eta beste batzuetan, ostera, informazio faltagatik aintzat hartu ez direlako.
Bestalde, Poliziaren edota funtzionario publikoen zaintzapean zeudela Espainian izandako heriotzen kopurua ere jasotzen du txostenak. Guztira, 30 pertsona hil ziren egoera horretan: 24 preso zeudela eta 6 kalean. Azken 15 urteetako datuak kontuan izanez gero, berriz, 616 dira gisa horretan estatu espainiarrean hildakoak.
Lehen aldiz, delitu mota horiengatik izandako epaiak ere zenbatu ditu TPSK erakundearen txostenak. Guztira, gisa horretako 95 epai izan dira 2015ean: 43tan erasotzaileak zigortu egin dituzte eta 52tan, berriz, absolbitu. Ildo horretan, 68 funtzionario publiko zigortu zituzten 2015ean Espainian torturagatik edota tratu txarrengatik.
Salaketa kopuruan Espainian izandako jaitsierari buruz galdetuta, Cesar Manzanos Salhaketa elkarteko ordezkariak adierazi zuen zenbaitek errepresaliak izateko beldurra dutela, beste batzuek auzitegiekiko mesfidantza dutela eta badirela salaketak egiteko zailtasun ekonomikoak dituztenak ere.
Halaber, praktika horiek "ezkutatzeko estrategiak" salatu ditu. Aldi berean, tortura edo tratu txar kasuak ikertzeko mekanismoak martxan jartzeko jarrera proaktiborik ez izatea egotzi die justizia erakundeei eta politikariei.