Saioa Sanchez preso berangoztarraren aurkako epai bat bertan behera utzi dute

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 18a, 12:00

Saioa Sanchez artxiboko irudi batean. © ESPAINIAKO POLIZIA

Espainiako Auzitegi Gorenaren Bigarren Salak ezeztatu du Saioa Sanchez Iturregi, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria euskal presoen aurka Auzitegi Nazionalak joan den abenduan ezarritako zigorra. Epaiketa errepikatu beharko dute; Goreneko magistratuen ustez, Iñigo Zapirainek salatutako torturak ikertu ez zirenez, Saioa Sanchez babesgabetasun egoeran geratu zen epaiketan. Auzitegi Nazionalak hamabosna urteko espetxe zigorra onartu zuen hiru euskal herritarrentzat, 2006an INEM erakundearen Bilboko bulego bat leherrarazi zutelakoan. Sanchezen aurkako proba bakarra Zapirainek inkomunikazio egoeran guardia zibilen aurrean egindako deklarazioa izan zen.

Joaquin Gimenez magistratuak idatzitako epaiak arrazoia eman dio Saioa Sanchezen defentsak aurkeztutako helegiteari. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu Iñigo Zapiraini torturak baieztatzeko proba psikologiko bat egitea, Nazio Batuen Erakundeak 2000tik aplikatzen duen Istanbulgo Protokoloari jarraiki. Hortaz, Saioa Sanchezi epaiketa justua izateko eskubidea urratu zitzaiolakoan daude Goreneko bost magistratu.

Gorenaren epaia

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun