Elkarrizketak

Alberto Díez: "Gure senideak ere badira errioxar eta burgostarrak"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko aza. 14a, 18:51

Sopelan egin legez, inguruko herrietan aurkeztu gura du bere liburua Alberto Díezek. HODEI TORRES

Alberto Díez Saiz (Gorliz, 1933) historia-ikertzaileak "Vascos, burgaleses y riojanos primos hermanos" bere azken liburua aurkeztu zuen azaroaren 4an, Sopelan.

Zertan oinarritu zara zure azken liburua idazteko?

Nagusiki, Iruñeko erresumako 1016. urteko mapa izan dut abiapuntutzat; horrek betetzen du liburuaren azala. Bertan, argi eta garbi ikus daiteke garai horretan noraino heltzen zen erreinua. Ramón Menéndez Pidal (Coruña, 1869 - Madril, 1968) historialariak berak esan zuen bertoko biztanle gehienak euskal hiztunak zirena. Historian atzera eginez, V. eta VI. mendeetan, Gaztelaraino heldu ziren euskaldunak; batzuk, Errioxatik sartu ziren. Bestalde, barduliarrak ere heldu ziren; Gaztela izena ipini aurretik, Bardulia deitzen zen Iberiar penintsulako zati hori, V. mendean.

Mende batzuk geroago, 1016. urtean, Gaztelako kondearen alabarekin ezkondu zen Iruñeko erregea. Orduan finkatu zuten mugaren zati hori. Gertakari hori gertatu eta mila urtera argitaratu gura izan dut liburua.

Euskaraz berba egiten zuten...

Nire ustez, urte berean finkatu ziren erresuma zaharreko gainontzeko mugak, Santanderreko badiaraino heldu ziren. Arazoa da ez daukagula hori froga dezakeen dokumenturik; askotan, galdu egiten dira edo galarazi egiten dituzte horrelako agiriak...

Orain dela mila urte, euskaraz hitz egiten zuten muga horien artean bizi ziren lagun guztiek. Hizkuntza bera erabiltzen zutenez, esan dezakegu garai horretako euskal herritarrak, errioxarrak eta burgostarrak neba-arrebak edo lehengusu-lehengusinak zirela.

Gaur egun ere neba-arreba edo lehengusu-lehengusinak garela diozu.

Bertoko biztanleak kanporarazi ez zituen inbasiorik ez bada egon, ondoriozta daiteke, belaunaldiz belaunaldi biziraun zutela bertoko bizilagunek; hori kontuan izanda, esan dezakegu, gaur egungo euskal herritarrok, errioxarrak eta burgostarrak orain mila urteko bizilagun horien oinordekoak garela, hortaz, neba-arreba edo lehengusu-lehengusinak garela. Are gehiago, orain dela mila urte guztiak ziren euskaldunak, baita errioxarrak eta burgostarrak ere. Guztiek hitz egiten zuten euskaraz; guztiek osatzen zuten gaur egun Euskal Herria dei daitekeen herrialdea. Familia bereko kideak gara guztiok.

Zergatik hasi zinen gai hau ikertzen?

Gorlizen jaio eta Berangon bizi arren, burgostarrak dira nire arbasoak. Senideek harremana izan duten Burgosko herrien historia ikertzen ibili nintzen, eta niretzat ulertezina bada ere, burgostarrak, errioxarrak eta euskaldunak elkarrengandik oso aldenduta gaudela nabaritu nuen. Beraiek pertsona bitxiak baikina bezala begiratzen gaituzte, baita guk beraiek ere. Gure historiari erreparatuko bagenio, horren urrun ez gaudela ikusiko genuke.

Zure ustez, garrantzitsua da honen berri ematea?

Guztiz beharrezkotzat jotzen dut hau lau haizetara zabaltzea; baina, politikan sartu gabe. Liburua hor dago; bakoitzak bere ondorioak atera ditzala. Gainera, ez dut ulertzen, gaur egun horrenbeste hedabide egonda, zelan utz dezaketen hau guztia alde batera. Ondorio okerrak atera daitezke, historia ezagutu ezean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun