Dispertsio politika bertan behera uztea eskatu du Berangoko Udalbatzak, gehiengo osoz

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 27a, 12:07

Berangoko Udalbatzak eztabaidatu zuen Etxeraten mozioa atzo.

Euskal preso politikoek eta euren senideek pairatzen duten dispertsio politika bertan behera uztearen aldeko mozioa eztabaidatu zuen atzo Berangoko Udalbatzak. Etxerat elkarteak aurkeztu zuen testua, eta udal-talde politiko denek horren alde egin zuten, PPk izan ezik.

Berangoko bizilaguna den Asier Garcia Justo euskal preso politikoaren bikotekideak trafiko-istripua sufritu zuen joan den irailaren 16an, Badajozeko espetxera bidean zela, Ruta de Plata inguruan. Garcia Justoren bikotekidea berangoztarra da, eta Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, istripuak nerbio-estutzea eragin zion "lunbar zein zerbikaletan, eskumako besoan fisura muskularra eta saihets-hezurretan kolpe fuertea".

Mota horretako istripuak dispertsio politikaren "ondorio" direla salatu du Etxerat elkarteak. Hori dela eta, presoen "urruntze sistematikoa" bertan behera eskatzeko eta Giza Eskubideen errespetua exijitzeko mozioa aurkeztu zuten atzo Berangoko osoko bilkuran.

Udala osatzen duten talde politiko denek babestu zuten testua (EAJ, Podemos, EH Bildu, PSE-EE eta Denok Batera), PPko zinegotzi bakarrak izan ezik. Udal batzarrean egon zen presoen senideetako batek jakinarazi duenez, mozioaren kontra egiteko PPren argudioa hurrengoa izan zen: "dispertsioa jarraitzen duela gu, senideek, ez ditugulako konbentzitzen damutzera eta barkamenak eskatzera". Horren ondorioz, senideetako batek Udalbatza Aretoa utzi zuen.

Azkenik, presoen lagun batek dispertsioaren ondorioak azaltzeko manifestua irakurri zuen. Gogoratu zuenez, 28 urte igaro dira dispertsio politika "era sistematikoan eta erasokorrean" indarrean jarri zenetik. Horrek senideen bizitzak "arriskuan" jartzen dituela deitoratu zuen, egunez egun errepidean jartzen direnak istripuren bat izateko aukera dutelako.

Azken ezbeharra Asier Garcia Justo euskal preso politikoaren bikotekide berangoztarrak jazo zuen, Badajozeko espetxera bidean zela. Oraingo honetan, zorionez, "onik" atera zela jakinarazi zuen, baina askotan ondorioak bestelakoak direla gogoratu zuen.

Dispertsio politikak presoen "eskubideen kontra" joateaz gainera, euren senideen kontrako neurria ere badela deitoratu zuten Udalbatzan, "sufrimenduagaz ordaintzen dugu senideekiko loturak ez etetearren". Hori guztia dela eta, "etorkizun hobeago bat" eraikitzeko bidean, dispertsioari amaiera ematea eta Giza Eskubideak errespetatzea eskatu zuten.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun