Beste hamabost urteko espetxe-zigorra Saioa Sanchez presoarentzat

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 27a, 13:47

Saioa Sanchez Barajasko (Madril) aireportuan. © ESPAINIAKO BARNE MINISTERIOA

Espainiako Auzitegi Nazionalak hamabost urteko kartzela-zigorra ipini dio Saioa Sanchez Iturregi preso politiko berangoztarrari. Apirilean estraditatu zuten Sanchez Frantziatik Espainiara, eta ekainaren 6an epaitu zuten Madrilen.

Auzitegi Nazionalak fiskalaren zigor-eskaria onartu du, eta honenbestez, hamabost urteko kartzelaldia gehitu dizkie bai Berangoko presoari bai haregaz batera epaitutako Beatriz Etxeberria eta Iñigo Zapirain presoei, Bilboko INEMeko bulego batean lehergailu bat ipintzeagatik. Sanchez 28 urteko zigorra betetzen dabil Frantzian, eta hara bueltatu beharko da Espainian epaitua izan ostean.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu du "epaileek torturaren praktikaren zigorgabetasuna eta zuriketa bermatzeko beste urrats bat" eman dutela. Kontuan eduki beharra dago Sanchez, Etxeberria eta Zapirainen aurka egindako lehenengo epaiketa baliogabetu egin zuela Espainiako Auzitegi Gorenak, akusatuek salatutako torturak ikertu ez zirelako. Joan den ekainaren 6koa errepikapena izan zen, hortaz. Lehenengo epaiketan ere, 2016an, hamabost urteko zigorra egotzi zieten hiru akusatuei.

Epaian, Auzitegi Nazionalak dio ez dagoela zantzurik Sanchezek, Etxeberriak edo Zapirainek euren borondatearen kontra deklaratu zutenik pentsatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun