Saioa Sanchez preso berangoztarra estraditatu du Frantziak

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 18a, 20:23

Saioa Sanchez Iturregi, artxiboko irudian. © ESPAINIAKO BARNE MINISTERIOA

Estatu frantsesak Saioa Sanchez Iturregi Berangoko presoa utzi du Espainiako Polizia Nazionalaren esku, beste euskal herritar bigaz batera, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AAEAM) gaur arrastian zabaldu duenez.

Sanchezegaz batera, Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, iturri berberen arabera. Frantziak epaitegi horrek Sanchez entregatzeko egin duen eskaerari baiezkoa eman eta behin-behineko estradizioa onartu du. AAEAMk azaldu du poliziek daborduko espetxeren batera eroan dutela, baina ez dute zehaztu zein den. Modu berean ez dute argitu Espainiaratzeko preso berangoztarrak egin behar izan duen ibilbidea. Aurreko batean, Barajas aireportutik eroan zuten.

Sanchez 28 urteko zigorra betetzen dabil Estatu frantsesean eta epaiketa amaituta hara eroango dute berriro. Oraingo epaiketan 15 urteko espetxe-zigorra eskatuko du fiskalak berarentzat eta beragaz batera epaituko dituzten Bea Etxebarria eta Iñigo Zapirain bilbotarrentzat ere. Bihar bertan eroango ei dute berangoztarra epailearen aurrera.

AAEAMk azpimarratu du epaiketa hau “2015eko irailean egindakoaren errepikapena” dela. Orduan hiru euskal militanteak zigortu zituzten, “Bea Etxebarriak komisarian pairatutako tortura larriak azaldu bazituen ere”. 2016an, ostera, Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra bertan behera utzi eta epaiketaren errepikapena agindu zuen, Iñigo Zapirainen tortura-salaketa ikertu ez zutelako.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez, ez dio inolako zilegitasunik eman euskal militanteak epaitzeko “salbuespen epaitegi horri”, ezta Estatu espainolaren inongo erakunderi ere. “Are gutxiago epaiketa horiek okupazio-indarrek euskal militanteen aurka erabilitako torturetan oinarria dutenean”, nabarmendu dutenez.

Horren ordez, amnistiaren aldeko eragileak eskatu du “torturaren praktika lazgarria gauzatu eta agindu dutenen jazarpena, atxiloketa eta zigortzesa”. Borrokaren kriminalizazioaren eta estatu terrorismoaren justifikazioaren garaian bizi garela uste du AAEAMk. Hala, salatu du “gure herrira gerra egitera etorri zirenek” torturaren gorazarrea egiten segitzen dutela, eta horrelakorik onartuko ez duela iragarri du. Azkenik, Sanchez, Etxebarria eta Zapirainen askatasuna eta preso politiko denen amnistia aldarrikatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun