Dantza-talde horrek 75 urtez mantendu da indarrean, eta oraindino horretan dihardu. Hala, talde horren omenez euren izena eramango duen plaka jarriko dute leku horretan. Plazaren izendapena joan den ekainaren 26ko udalbatzan onartu zen, EAJ, PSE-EE, Denok Batera eta PP alderdien aldeko botoakaz. Udal-iturriek jakinarazi dutenez, EH Bilduk horren kontra bozkatu zuen eta adskribatu gabeko zinegotzia den Oscar García abstenitu egin zen.
Anabel Landa Berangoko alkateak dantza-talde horrek herrian duen garrantzia azpimarratu du: "Herriko kultur elkarteen artean 75 urteko ibilbidea duen lehenengo taldea da. Denbora horretan momentu zailen aurrean bizirautea lortu du. Gainera, egun Berangoren eta euskal kulturaren erakusleihoa bihurtu da". Landak auzokideak ekitaldira hurbiltzera gonbidatu ditu. Gainera, ekimen hori bultzatzen duten kale horretako tabernek pintxoak banatuko dituzte, doan.
Berriztatutako errepideari dagokionez, Landak azaldu duenaren arabera, "kale hau 25 urte baino gehiago egon da berriztapen honen zain. Duela hamarkada ugari diseinatu zen eta irisgarritasun gabezia handiak aurkezten zituen, egindako lanekin kendu ahal izan ditugunak". Alkateak onartu duenez, "herriko kalerik degradatuena zen, nahiz eta erdigunea izan", eta bere poza aurkeztu du "azkenean" proiektua aurrera eraman ahal izan delako.
Arazo logistikoak
Kalea berrizteko lanen lehenengo fasea amaitu berri dute. Eremu horretan jende asko bizi da, eta horrek beharrak egiteko orduan arazo logistiko "garrantzitsuak" eragin ditu. Zati horretako lanak egiteko 1,2 milioi euro inbertitu ditu Udalak, Mimenagako biribilguneko udalerriko sarreratik Metro Bilbaoren geltokiraino dagoen tartean. "Oinezkoek lehentasuna izateko diseinatu da. Helburua da giroa sortzea eta kaleari bizia emateko esparru handiagoak izatea", azaldu du alkateak. Herriko saltokietan erosketak bultzatzeko asmoagaz ere, aparkatzeko epe mugatua duten txandakako aparkalekuak sortu dira inguru horretan.