Alderdi Popularreko beste hainbat kidegaz batera egin dute aurkezpena, Berangoko udaletxearen aurrean. Bizkaiko PPko presidenteak Paneraren ibilbidea goraipatu du: "Lan-konpromiso handiko pertsona izan da beti, 16 urtetik ibili da Nuevas Generaciones-en (NNGG), kartelak ipiniz edo ogitartekoak banatzen, ordurako argi baitzeukan bere ideiak defendatzeko zer edo zer gehiago egin eta pauso bat gehiago eman beharra zegoela".
Panera NNGGko koordinatzaile nagusia da Bizkaian. Ikus-entzuneko Komunikazioan lizentziatuta dago, eta lau urte daroa Unibertsitateko Ikastetxe Nagusi batean kudeatzaile lanetan. Berangon egingo duen lan politikoak hiru zutabe izango dituela adierazi du alkategai berriak: herritarren zerbitzura jardutea, haien arazoak konpontzeko; zuzeneko hartu-emana izatea jendeagaz, herritarren proposamenak behar bezala jasotzeko; eta kudeaketa ona, "beti ere PPren printzipioen arabera, alegia, askatasuna, enplegua, familia, eta ETAko biktimen defentsa".