Kultura-ondasun kalifikatu du gaur Eusko Jaurlaritzak Burdin Hesia. Helburua, defentsak ondasun gisa duen balioa aldarrikatzea, esanahi historikoa gogora ekartzea eta egitura babestea direla azaldu du Eusko Jaurlaritzak.
Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza sailburua; Aintzane Ezenarro, Gogorako zuzendaria; Andoni Iturbe, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia; Anabel Landa, Berangoko alkatea; eta Aitor Miñambres museoko zuzendaria izan dira Gerra Zibilari lotutako Bilboko defentsak babesteko dekretua aurkezten. Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoan izan da ekitaldia.
“Garrantzi handiko defentsa militar bat da: inplikazio sozial, militar eta propagandistikoagatik. Ikuspegi kultural, historiko eta immaterialetik duen balioa aldarrikatu nahi dugu”, azaldu du Zupiriak. Ildo horretatik, Gogorako zuzendariak azaldu du datozen belaunaldiei historia kontatzea "funtsezkoa" dela: “Gazteek ikusiko dute zer nolako balioa duen demokraziak, eta horren galerak zer dakarren”.
Bestalde, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoko zuzendaria harro azaldu da Berangon egindako lanagatik: “2012an zabaldu genuen museoa eta memoriarako espazioa bilakatu da”.
Bizkai osotik
80 kilometroko hedadura duen hesia bost sektoretan dago banatuta: Muskiz eta Galdakao udalerriak eta Ganekogorta mendia hartzen ditu, besteak beste, lehenengo sektoretik laugarrenera. Bosgarrenak Larrabetzu, eta Uribe Kostako Getxo, Sopela eta Barrikako herrietako kostak hartzen ditu. Lubakiak, babeslekuak, metrailadoreen asentamenduak eta baserri gotortuak biltzen ditu Burdin Hesiak.