Uribe Kostan alkategai berri asko aurkeztu ditu EAJk maiatzaren 26ko hauteskundeetarako, eta horren salbuespenik bada, Berango da. Ezusteko handirik ez badago Anabel Landa izango da, datozen lau urteetan ere, eskualdeko alkateetan eskarmenturik handienekoa: bosgarren laldia izango da berarentzat udalaren aginte goreneko karguan, bere alderdiko kideek hala erabakita. Ildo beretik, gaur egun udal-gobernuan dagoen taldearen zatirik handiena dago EAJk aurkeztu duen zerrendan.
Landagaz batera, PSE-EEko Nerea Jimenez izango da Berangon 2015ean aurkeztu ziren alkategaietatik errepikatu egingo duen bestea. Alegia, EAJk udal-gobernuan duen bazkidea. Azken agintaldietan izan duten jesarleku bakarrari eusten saiatuko dira sozialistak; baikor egon litezke, azken hauteskunde orokorretan Berangon lortutako emaitzari begiratuta.
Aurpegi berriak
Udaleko bigarren indarrak, EH Bilduk, ohi baino zailtasun handiagoa izan du zerrenda osatzeko, eta izen berri asko aurkeztu ditu. Zerrendaburua David Martin izango da, Udalean esperientziarik gabea, eta gaur egungo zinegotzietatik bakarra dago zerrenda berrian, hirugarren lekuan hain zuzen. Hauteskunde orokorretan 2016ko emaitzak hobetu ditu EH Bilduk, eta Unidas Podemosen eta PSE-EEren antzeko boto-kopurua lortu du, haien atzetik bada ere.
2015ean hirugarren egin zuen Denok Batera hautagaitza ez da aurkeztuko oraingoan. Berangon, Sopelan eta Urdulizen aurkezteko sortu zen taldea, garai hartan Podemosen zirkuluetan zebiltzan zenbait pertsonaz eta independentez osatuta, baian lau urte geroago Sopelan baino ez du hautagaitza errepikatuko. Berangon oraindino daukan zinegotzia (bestea taldetik irten zen eta adskribatu gabe dago), Emilio Lobato, Elkarrekin Podemoseko zerrendan joango da, baina azken lekuan, betegarri modura. Izan ere, alderdi moreak Bizkaiko Batzar Nagusietarako aurkeztu duen hautagaitzan dago Lobato.
Logikoena dirudi Elkarrekin Podemosek Denok Bateraren lekua hartuko duela pentsatzeak (elektoralki behinik behin) baina ikusteko dago zelan hartuko duten haien jarraitzaileek herriko hautagaitza independentea ez aurkezteko erabakia, eta botoetan igarriko ote den. Koalizioaren alkategaia, bide batez esateko, Koldo Endika Martinez izango da.
PPk ere berritu du zerrendaburua. Nork eta Jorge Panera getxoztarrak hartuko dio erreleboa azken lau urteetan popularren zinegotzi bakarra izan den Maria Dolores Malo de Molinari. Bizkaiko Nuevas Generacioneseko koordinatzaile nagusia da Panera, eta iazko irailean polemika handia piztu zuen PPko gazteen bideo batean protagonistetako bat ere bada. Besteak beste, ezker abertzalearen ikurrak kentzen ageri zen Jorge Panera bide hartan, eta gertakari haren gaineko komentario ugari zabaldu ziren sare sozialetan Berangoko alkatetzarako aurkeztu zuela jakin zenean. Polemikarik ala gabe, PPk azken hamarkadetan Berangon izan duen ordezkaritzari eusten saiatuko da, nahiz eta garai bateko indarra galdu duen, hainbatetan zinegotzi bi lortu izan dituzte eta. Alderdiak EAEn oraintxe duen krisiak ez dio, ez, orduko hartara itzultzen lagunduko.
Vox ere bai
Elkarrekin Podemosez gain, gaur egun udalean ordezkaritzarik ez duten beste hautagaitza bat aurkeztuko da Berangon. Zein eta Vox. Bat baino gehiago harritu da horretaz, izan ere Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udaletan horixe izango da ultraeskuindarren zerrenda bakarra, eta eskualde osoan, Berangon ez ezik, hiru udal handietan baino (Erandio, Getxo, Leioa) ez baitira aurkeztuko. Zelangura, ez du ematen haien parte-hartzea sinbolikotik harago joango denik, apirilaren 28an izandako igoera, 2015eko emaitzagaz konparatuta ikusgarria izanda ere (boto bakarra orduko hartan; 108 oraingoan), ez baita nahikoa Voxek zeresanik izateko Berangoko udal-politikan.
Hirigintza, eztabaidagai nagusietakoa
Anabel Landa alkate den sasoian asko handitu da herria, eta joera horri eusteko asmoa du agintean dagoen alderdiak. Etxebizitza-kopurua handitzeak aldaketa nabarmenak ekarri ditu ezinbestean, eta aldaketari eman beharko litzaiokeen noranzkoa izan daiteke indar politikoen arteko desadostasun-gune nagusietakoa datorren legegintzaldian.
EAJk Landaren ahotik iragarri du zein izango den bere politika. Haren hautagaitza zabaldu zenean, mezu argia eman zuen alkategaiak: "Ilusio handia daukat Berango garatzen eta hobetzen jarraitzeko aukera izango dudalako, hau da, azken urteetan egindakoak osatzeko proiektu berriak gauzatu ahal izango ditudalako". Inork gutxik egiten du zalantza esaldi horretan agertutako helburua lortu ahal izateko derrigorrezko baldintza, hau da, maiatzaren 26an hauteskundeak irabaztea, arazo handirik gabe beteko duela Landak.
EH Bilduren alkategai David Martinek datozen lau urteetarako dituen lehentasunen podiumaren goiko aldean ere, hirigintza eta azpiegiturak daude. HAPO berria herriaren "hirigintza-eredua aldatzeko" baliatu beharra dagoela uste du Martinek: "Azken urtetan gure herria txikitu dute etxebizitza libreak eraikitzeko, megapark bat egiteko... Espekulazioa eta lo egiteko herri bat dauzkagu, komertziorik gabe". Hori aldatu gura EH Bilduk, Sabino Arana ez beste auzoetan ekipamenduak sortzeaz batera.
Ildo horrexetatik, alokairuzko udal-etxebizitzak sustatu gura ditu Elkarrekin Podemosek, eta HAPOa erabili mugikortasun jasangarriagoa lortzeko. Gainera, udal-politikan herritarrek parte hartzeko tresnak hobetzeko lan egin gura dute.
Asmo hori agertu du PPk ere: herritarrak hurbiltasunez artatzeko beharra azpimarratu dute euren hautagaiaren aurkezpenean, eta hirigintza-arloaz ez ezik, segurtasunaz kezka agertuz zuten. PSE-EEk, berriz, eskualdeko beste udaletan zabaldutako mezu bera gogorarazi du: bere kideek kudeaketan eta gobernuan daukaten eskarmentua azpimarratu, eta herritarren eskariak zuzenean entzun eta horiei erantzuna emateko lan egitearen garrantzia nabarmendu dute sozialistek.