Lur-zakuak, kanoiak, metrailadoreak, morteroak, kanpaina-ospitaleak, errefuxiatutako umeak... Gerra garaian murgildu zen atzo Berangoko erdigunea, 1937ko ekainean bizitakoak birproduzituz. Udalerriko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoaren zazpigarren urtemuga ospatzeko ekitaldia izan zen domekakoa, eta hainbat elkartek parte hartu zuten, hala nola Frentes de Euzkadi eta Lubakikoak.
1937ko ekainean apurtu zuten frankistek Burdin Hesia Larrabetzu aldean. Hala, gerra-fronte horretan jazotako zauritu asko artatu behar izan zituzten Berangon. Une horiek gogorarazteko Frentes de Euzkadiko lagunek gudarien artilleria gune bat osatu zuten Berangoko elizaren ondoan, baita kanpaina-ospitale bat eta gerratik ihes egiteko umeak ebakuatzeko postu bat ere.
Lubakikoak taldekoek, aldiz, gerra-garaiko Ertzañaren aginte-postua irudikatu zuten, besteak beste.