Beste urte batzuetan baino beranduago egingo dute aurten Berangoko Milia, Anabel Landa herriko alkateak eta Josu Hernandez antolatzaileak azaldu dutenez. Udako bero latza saihesteko udagoienera eroan zuten Qatarren egin berri den Munduko Atletismo Txapelketa, eta haregaz bat ez egitearren atzeratu dute Berangoko urteroko hitzordua ere. Aurtengoan omenaldia egingo diote José Manuel Abascal, 1984ko Olinpiar Jokoetako 1.500eko lasterketan brontzezko domina eskuratu zuen espainiar atletari.
Hain zuzen, txapelketa horretan 1.500 metroetako finalerdietara ailegatu den eta distantzia horretako gaur egungo Espainiako txapelduna den Kevin Lopez Yergak eroango du 1 zenbakidun dortsala. Palmares berdina du Esther Guerrerok, 25 zenbakia izango duen atletak, eta ez dira izango zapatuan Berangon ibiliko diren goi-mailako korrikalari bakarrak. Lasterketa nagusi biak, hau da, senior mailako gizonezkoena eta emakumezkoena, 18:25ean eta 18:45ean hastea aurreikusita dago. Proba osoa streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da.
Iazko abenduan, laugarrenez jarraian eta alde handiz, Espainiako Estatuko miliarik onenaren saria jaso zuen Berango Atletismo Taldeak antolatutako probak, eta ez litzateke harritzekoa aurten ere Espainiako Atletismo Federazioak ematen duen izendapen hori lortzea, edizio honetarako ekarriko duten izen-zerrenda ikusita.