Udal-aurrekontuei 203 ekarpen egin dizkiete Berangoko herritarrek

Erredakzioa 2019ko aza. 2a, 17:49

"2020ko aurrekontu partehartzaileak" prozesuaren emaitzak zabaldu ditu Berangoko Udalak. Denera, 138 berangoztarrek egindako 203 ekarpen jaso dira.

Ekarpen gehien jaso duen arloa (130, %64) Hirigintza, Ingurumen, Obra eta Zerbitzuena izan da, Udalak jakinarazi duenez. Beste 42 Kultura, Kirola eta Berdintasunari dagozkio, eta 31 beste arlo batzuei. Udalak ez du momentuz zehaztu zeintzuk izan diren ekarpenak. Parte hartu duten 138 pertsonetatik, 82 emakumezkoak izan dira eta 56 gizonezkoak. Hizkuntzari dagokionez, berriz, ekarpenen %12 baino ez dira egin euskaraz.

Udalak gogorarazi duenez, Berangon erroldatutako 16 urteko pertsona denek izan dute parte hartzeko aukera, aurtengo irailaren 15etik 29ra bitartean, horretarako ipini diren bideak erabilita. Hain zuzen ere, 56 ekarpen jaso ziren irailaren 24 eta 25ean horretarako ipinitako karpan, 38 udal-webgunearen bidez ailegatu dira, 27 posta elektronikoz, 12 herriko hainbat lekutan ipinitako postontzietan jaso dira, eta beste 5 Nagusien Etxean.  

"Teknika edota ekonomiaren aldetik bideragarriak diren proposamenak" eta "Iraunkortasun ekonomikoa eta finantzarioa justifikatuta dituztenak" egiteko aukera eman du parte-hartzezko prozesuak, Udalak dioenez. Beti ere, udal-eskumenen barrukoak izan behar dute proposamenek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun