Arte Ederretan lizentziatua, Art For Life enpresaren sortzailea eta EmakumeEkin elkarteko presidentea da Miren Lauzirika, Gorlizen bizi den getxoztarra. "Orain dela sei urte sortu genuen elkartea hainbat emakume ekintzailek", azaldu digu, "intuizioa genuelako barneko eta kanpoko mugak eta oztopoak zeudela norberaren enpresak eta lanak garatzeko, eta izena jarri nahi genien".
Arrazionalizatu duzue intuizio hura?
Bai. Tradizionalki gizonak eta emakumeak modu desberdinean hezi gaituzte. Emakumeok hezi gaituzte ekintzaileak ez izateko, ekimenik ez izateko; gizonei eman zaie paper hori, eta guri, berriz, ez nabarmentzekoa. Ipuinetan topa dezakezu horren adibide asko, esaterako. Eta erreferente ekintzaileen falta topatu genuen, oso gutxi daude.
Horri aurre egiteko genero-ikuspegia ezarri beharra dagoela diozue. Zelan?
Geure buruen kontzientzia hartuz, eta gauzei izena jarriz, errazago gainditzeko. Gizon eta emakumeentzat diseinatzen diren politika orokorretan sartu beharra dago genero-ikuspegia, eta horretarako, adibidez, proiektu batean zenbat emakumek eta zenbat gizonek parte hartzen duten neurtu beharra dago, eta zer iritzi duten. Hori alde bat da, politika orokorra; beste bat ekintza positiboa da: bi kolektibo berdintasunean ez badaude, okerren dagoenari laguntzea.
Adibidez?
Proiektu asko egoten dira udal-arloan, elkarteetan… eta normalean orokorrak dira, emakume eta gizonentzat, baina askotan ez da jakiten zelan aplikatu genero-ikuspegia, eta genero-ikuspegia da politikak denontzat egitea. Esaterako, herriko jaien egitarauetan egin ohi diren ekitaldiei begiratuta, egitaraua ez da neutroa.
Zer esan gura du horrek?
Mus-txapelketan zenbat emakumek eta zenbat gizonek parte hartzen dute? Herri-bazkarian? Pilota-partiduan? Horri begiratzen badiozu hobetzeko asmoa duen begiradaz, errazago egingo zaizu bertsolaritza-saioan oholtzaren gainean nor dagoen konturatzea, edo mus-txapelketa agian mantentzea baina aldi berean beste zerbait ere ipinita… Azken batean, emakumeon eta gizonen parte-hartzea orekatuagoa izatea nahi baduzu, bi gauza egin behar dituzu: galdetu zeure buruari eta galdetu jendeari. Hau da, zalantzan jarri norberak egiten duena, ea neutroa den, eta erabiltzaileei galdetu zer behar duten.