Kale-argiak berritzeko prozesua 2013n hasi zen, Simon Otxandategi kalean, eta ordutik hona hiriguneko farola gehienak aldatu dituzte. Udalak azaldu duenez, "aldaketaren kostu handia dela eta" erabaki zuten epeka egitea; izan ere, aurten amaituko dute hiri-eremuko argi denak berriztatzen. Obren aurrekontua 99.358 eurokoa izango da (44.000 euroko diru-laguntza eman du Bizkaiko Foru Aldundiak), eta Udalaren esanetan kontsumoa gaur egungoaren %40ra jaitsiko da.
Honenbestez, behin aurtengo lanak amaituta, aldaketa-prozesua guztiz osatzeko landa-eremuko eta tarteko guneetan argi berriak ipintzea baino ez da faltako: Sustatxa bidea, Ubao, Larrañazubi, Mantzabe, Eguskitza, Santa Ana eta Iturriaga.
Klima-aldaketa eta hondakinen bilketa
Horrez gain, Udalak adierazi du parte-hartzezko prozesua ireki duela klima-aldaketaren alorrean egin daitezkeen ekintzak aztertzeko, eta 10.000 euroko aurrekontua ezarri duela gai horrekiko kontzientziazioa lantzeko. Joan den iraileko osoko bilkuran onartu ziren neurriok, EAJren aldeko botoakaz (EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu zuten, eta PSE eta PP abstenitu egin ziren).
Bestalde, azaroaren 16tik 24ra bitartean, hondakinen prebentziorako Europako asteagaz bat eginez, hainbat ingurumen-hezitzailek jardungo hondakinetarako edukiontzien inguruan, herritarrek birziklatzeaz dituzten zalantzak argitzeko. Zehazki, azaroaren 19an (martitzena), Sabino Aranan eta Lantzarten egongo dira 09:30etik 12:30era, eta hurrengo egunean (azaroka 20, eguaztena) Basotxu eta Axgane auzoetan, ordutegi berean.
"Berangon %20koa da hondakinen bilketa selektiboaren portzentajea", adierazi dute Udaleko iturriek, "horrek esan gura du etxebizitzetan sortzen diren hondakinen %80 ez dela birziklatzen eta zuenean eroaten dela erraustegira; horrek kostu bat eragiten du, bai ingurumenaren aldetik, bai ekonomikoki".