Datorren astetik eman ahal izango da izena Babes Ofizialeko Etxe bat eskuratzeko

Erredakzioa 2020ko urt. 9a, 09:16

Urtarrilaren 13tik otsailaren 28ra bitartean, interesa dutenek aukera edukiko dute Etxebarri inguruan eraikiko diren Babes Ofizialeko Etxeetako (BOE) bat eskuratzeko izena emateko. Udalaren eta Construcciones Sukia Eraikuntzak S.A. enpresaren arteko hitzarmenaren arabera, Berangon erroldatutakoei emango zaie lehentasuna.

Azaroaren 26ko osoko bilkuran onartu zen Berangoko Udalak Construcciones Sukia Eraikuntzak enpresagaz hitzarmena sinatzea, hark eraikiko dituen BOEak eta Prezio Tasatuko Etxeak (PTE) eskuratzeko baldintzak ezartzeko helburuagaz. Hitzarmena udal-bulegoetan (09:00etatik 13:30era, lan-egunetan) edo www.berango.net webgunean kontsulta daiteke.

Udalak jakinarazi duenez, BOE bat lortu gura dutenek Construcciones Sukia Eraikuntzak enpresaren bulegoetara joan beharko dute (Getxoko Andres Larrazabal kalearen 2. zenbakian, Areetan), edo 94 454 10 72 telefono-zenbakira deitu, urtarrilaren 13tik otsailaren 28ra bitartean.

Udalaren eta eraikitzaileen arteko hitzarmenaren arabera, lehenik eta behin Berangon erroldatutakoei emango zaizkie etxebizitzak; errolda-ziurtagiri bat aurkeztu beharra egongo da, azken sei urteetan gutxienez hirutan bertan bizi izana egiaztatzeko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun