EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren arteko akordioa dela medio, onartu egin dira Sopelako 2020rako aurrekontuak

Unai Brea 2020ko urt. 31a, 12:06

Sopelako alkatea eta EAJren, PSEren eta EH Bilduren ordezkariak, akordioa sinatzeko momentuan. © SOPELAKO UDALA

Joan den abenduan eztabaida atzeratzea erabaki ostean, herenegun arratsaldez (urtarrilak 29) egindako osoko bilkuran onartu ziren Sopelako aurtengo aurrekontuak: ia 15,3 milioi euro denera, iaz baino %5,26 gehiago. Udal-gobernua osatzen duten talde biek, EAJk eta PSE-EEk, akordioa egin dute EH Bildugaz; hala, koalizioa abstenitu egin da bozketan, eta modu horretan ahalbidetu du aurrekontuok onartzea.

Gobernu-taldeak EH Bilduren hainbat proposamen onartu eta aurrekontuetan txertatu ditu, eta adostutako proiektuen nondik norakoak aztertzeko hiru alderdiek osatutako batzorde mistoa sortu da. Alde batekoek zein bestekoek azaldu dutenez, Sopelarako hainbat helburu estrategiko jaso ditu akordioak, hiru ardatz nagusitan sailkatuta: mugikortasuna, hezkuntza eta kultura, eta hirigintza.

Osoko bilkuraren egun berean izenpetutako akordioa dela medio, abstentzioa eman du EH Bilduk (6 zinegotzi), eta aurrekontuen alde bozkatu dute EAJk (7) eta PSE-EEk (1). Josu Landaluze alkatea izateko atea ireki zuen DB-TU (1), berriz, abstenitu egin da, eta aurka bozkatu du Elkarrekin Podemosek (2). 

Mugikortasuna: oinezkoentzat leku gehiago

Adostutako gaien artean, eta mugikortasunaren alorrean, erdigunearen zati bat oinezkoentzat izan dadin proiektua dago, baita trafikoak herrian sortzen dituen arazoak konpontzeko prozesu bat abiaraztea ere. Bidegorri-sarea handitzea handitzea eta Ripako saihesgunearen bitartez erdigunea lasaitzea dira beste puntu batzuk.

Hezkuntza eta kultura: ikastetxe berria

Sopelan pil-pilean dagoen gaia Zipiriñe ikastetxeko masifikazioa. Ildo horretatik, eraikin berria egiteko lursailak egokitzea adostu dute jeltzaleek, sozialistek eta EH Bildukoek. Gainera, liburutegi berria egiteko egitasmoa ipiniko da martxan.  

Hirigintza: babes ofizialeko etxeak bultzatu

Babes ofizialeko etxebizitzak, alokairupekoak barne, sustatzea da hirigintza alorrean hartutako akordio garrantzitsuetako bat. Sopelako Irisgarritasun Plana eguneratzea eta Larrabasterra suspertzea dira beste arlo batzuk.

Udal-gobernuak adierazi du "ahalegin handia egin dela adostasuna lortzeko", eta Sopelarentzat oso positiboa dela aurrekontuak izatea.  "Aurrekontu berriek kudeaketa ekonomiko eraginkorra mantentzen lagunduko dute, sopeloztarrentzat oinarrizkoak diren proiektuei eustea eta udal instalazioak eta azpiegiturak kalitatezko zerbitzu publikoekin hobetzeko bidean aurrera egin ahal izatea ahalbidetuko dute"

EH Bilduk aitortu du udal-gobernuaren "jarrera-aldaketa", bai azarotik hona, bai aurreko legealdiko udal-agintariek  izandakoagaz konparatuta. Azkenik onartu diren aurrekontuei hainbat kritika egin arren, euren nahia "ateak zabaltzea" dela azpimarratu dute, eta adierazi dute aurrekontuen gaineko akordioa etorkizuneko hitzarmen zabalago baten ernamuina izan litekeela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun