Martiaren 8ko ekitaldiak hasteko, Emakume euskalduna goiburuko berbaldia eskainiko du Toti Martinez de Lezea idazle ezagunak gaur (barikua) Berangoeta Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Antolatzaileek adierazi dutenez, gura dutenek liburua eroan dezakete, solasaldiaren amaieran Lezeak sina diezaien.
Zapatuan, berriz, hiru dokumental emango dituzte Moreaga parkean, Itsaso eta mendiaren artean goiburu komunagaz. Hirurek dute ardatz bera, kirola eta jasangarritasuna, eta emakumeak dira egileak eta protagonistak kasu denetan. Proiekzioen ostean berbaldia egingo dute kirolean dagoen genero-berdintasunaz eta ingurumenarekiko kezkaz. Bitartean, mural bat osatuko dute gura duten umeek, Jorge Lopez de Gereñu artistak gidatuta, "generoa eta kirola" gaiaren gainean. Arratsaldeko 16:30ean hasiko da ekitaldia.
Ondoren, eta Moreaga parkean betiere, erakustaldia egingo du emakumezkoen sokatira-taldeak, eta 19:30ean Berangoko Emakumeen Elkarteko zumba-, pilates- eta yoga-taldeek jardungo dute.
Martxoaren 8ko ekitaldia, ohitura denez, auzoz auzoko martxa bat izango da, Mertxe Olague elkarteak antolatuta. Emakumeen Etxetik abiatuko da, eta Berangoeta Kultur Etxearen aurrean amaituko da. Gura dutenek bizikletaz egiteko deia zabaldu dute.