Terrazetarako gainazala handitzeko aukera emateko helburua du ordenantzaren aldaketak, haren 2. artikuluan azaltzen denez. Hala ere, aurreko araudiak ezartzen duen leku erabilgarriaren eta mahaien arteko %50eko proportzioa errespetatu beharra egongo da. Behin-behinean, establezimenduaren etxaurrearen luzera ez gainditzeko debekua bertan behera geratu da.
Ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetan ipinitako terrazei dagokienez, gutxienez 30 zentimetroko tartea utzi beharko da haien eta espaloi-ertzaren artean, eta libre gelditzen den espaloiaren zabalera gutxienez 1,80 metrokoa izango da. Betiere, mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia gutxienez metro bikoa dela segurtatu beharko da.
Edozelan ere, Berangoko ostalaritza-gune nagusian Sabino Arana kalean, ia taberna denak itxita daude egunotan.
Osasuna babesteko neurriak
Terrazetan Eusko Jaurlaritzak ezarritako honako higiene eta babes-neurriak bete beharko dira, besteak beste:
- Bezero bat joatean, hurrengoa etorri baino lehen, mahaiak, aulkiak eta bestelako gainazalak garbitzea eta desinfektatzea
- Erabilera bakarreko oihalak lehenestea, eta ezin balitz, oihal bera bezero batek baino gehiagok erabiltzea saihestea
- Gel hidroalkoholikoak ipintzea bezeroen esku
- Txartelagaz edo gailuen arteko kontakturik ez dakarten bestelako bitartekoen bidez ordaintzea sustatzea; erabilera bakoitzaren ostean datafonoa desinfektatzea
- Bezero denentzat karta bera ez erabiltzea, eta bestelako bitartekoez ordezkatzea (arbelak, pantailak...)
- Zerbitzurako elementu osagarriak (baxera, kristalezko ontziak, oihalak...) leku itxian gordetzea, edo, ezin balitz, bezeroak eta langileak ibiltzen diren lekuetatik aldenduta edukitzea
- Autozerbitzurako produktuak kentzea: mahai-zapitxoen eta zotzen kutxak, ozpin- eta olio-ontziak... Horien ordez erabili eta botatzeko dosi bakarrekoak edo bestelako moldeak erabiltzea, bezeroen eskariz
- Komunetan gehienez pertsona bakarra egotea aldi berean, laguntza behar dutenen kasuan izan ezik
- Komunak egunero gutxienez sei bider garbitzea