Arlo askori dagozkien proposamenak egin dituzte popularrek, "udal-gobernuak prestatzen dituenak osatzeko" . Ekonomiaz den bezainbatean, esaterako, hirugarren sektoreari laguntzeko merkataritzarako bonu-kanpaina bat egitea eta manparak eta higiene-ekipamenduak erosteko dirulaguntzak ematea iradoki dute. Tabernetako terrazak handitzeko aukera ematearen gainean, Panerak adierazi du bere alderdia ados dagoela. Zergen arloan, obra-lizentzien tasak behin-behinean jaisteko proposatu du PPk, eta beste tasa eta zerga batzuk ordaintzeko gobernu-taldeak iragarritako erraztasunen alde agertu da. Beste alde batetik, telelana eta co-working delakoa errazteko udal-guneak sortu edo egokitu beharko liratekeela uste dute.
Gizarte-zerbitzuen eremuan, "Bizkaia Gara" programaren barruan Berangon egindako jarduerak berrikustea da PPk aipatutako neurrietako bat, "hobetzeko aukerarik ote dagoen ikusteko". Gainera, epe ertainean adineko pertsonakaz egiteko zerbitzua indartu beharko litzatekeela ere uste dute popularrek: "Momentuz telefonoz egingo litzateke, eta aurrez aurrekoa bihurtuko litzateke aukera egon bezain laster".
Segurtasunari dagokionez, urruntze-arauak betetzen direla segurtatzeko "terrazetan eta gune publikoetan jagoletza indartzeko" proposatu dute (Berangon momentuz taberna gehienak itxita daudela azpimarratu beharra dago, nolanahi ere), baita ere kalean ibiltzeko, bizilagunen komunitateetarako eta gune publikoetarako segurtasunezko jarraibideak eta protokoloak osatzeko.
Horiez gain, kirola berriro egiten hasteko gomendioen gida bat egitea eta udalerriko hiru zirkuitu bio-osasungarriak handitzea eta ezagutaraztea daude PPk egindako proposamenen artean, besteak beste.