Miliaren filosofiaren ardatz nagusia harrobia sustatzea den aldetik, lasterketarik ez egitea erabaki du Berango Atletismo Taldeak. COVID-19 pandemiagatik kirol-arloan ezarri diren neurriak kontuan hartuta, elitezko probak bakarrik egin zitezkeen, ikusle-kopurua murriztuz eta osasun-protokolo zorrotza betez. "Baina ez zuen zentzurik", esan du Josu Hernandez klubeko arduradunak, "hau herri-proba da eta haren helburu nagusia atletismoa Berangora ekartzea eta gazteengan zaletasuna eragitea da". Urriaren 10ekoa probaren 33. edizioa izango zatekeen.
Hain zuzen ere, Espainiako Estatuko milia onenarentzako saria jaso eta gutxira iragarri da aurten ez dela MiIiarik egongo Berangon. Bosgarrenez jarraian lortu du izendapen hori proba entzutetsuak, urtarrilean argitaratu genuen legez.